"Juan Karlos Garitanori bi hitz"

Erabiltzailearen aurpegia

Zure asmoa ez dela "politizatzea" diozu.

Guk egiten dugun guztia politika da eta zuk idatzitako gutunaren helburua erabat politikoa da. Horrela aritu zarete eskualdean eta Gipuzkoa osoan. 

Europako praktika onen txostena aipatu nizun nire gutunean eta bertan bi moten ereduak agertzen dira; beraz, irakurri ondo, Arun-eko (Ingalaterra) eredua, adibidez. 

Arunen, etxeko konposta bakoitzak bere baratze edo lorategietan erabiltzen du. Fraisoro ingurumen eta nekazari-laborategiak esaten du Usurbilgo Puntapax konpost-gunean A kalitateko ongarria lortzen dela. Onena! Arrainarekin eta haragiarekin eginda, jakina. Eta horrela milioika pertsona munduan…Guztiek gaizki egiten dute?

Behin eta berriz ari zarete arratoiekin. Antzuolan ez dago lehen baino arratoi gehiago, eta litekeena da orain gehiago mugitzea, baino hori lur mugimenduekin zerikusia du, ez atez atekoarekin. Galdetu adituei! Eta AHT eta bariantea dela, Antzuola inguruan lur mugimendu handia dabil, ezta? Pozoia jartzeari dagokionez, horrelako kanpainak urtero egiten dira, Antzuolan, Arrasaten eta herri guztietan. Edozein modutan, ni arratoia izango banintz, zaborrontzi lurperatu horietako batean egingo nuke habia, ez konposta egiteko horietakoan.

Nahiz eta zuk gustuko ez izan, Europak gure proiektua txalotu egin du aurreko astean bertan eta horrela jasotzen zuten Berria-k, Gara-k, Diario Vasco-k eta El país-ek martxoaren 8an. Errealitatea hor dago! Martxoaren 7an Europako Parlamentuan Ez bazaude Zero Zaborren alde, zenbat zaborren alde zaude? izeneko mintegia izan zen. Janez Potocnik, Europako Ingurumen komisarioak, Iñaki Errazkin diputatuak aurkeztutako Gipuzkoako esperientzia "adierazgarria" eta "garrantzitsua" dela esan zuen, eta, gainera, gauzak nola egin "ikasteko" oso baliagarria. Hori ez bada gure eredua txalotzea, zer ote da orduan… Horrez gain, errausketa ez dela hondakinak kudeatzeko modurik egokiena gehitu zuen (:http://europa.eu/rapid/press-release_SPEECH-13-211_en.htma). Zuek, berriz, horren aldekoak zarete, ez? 

Bukatzeko, Josu Pereda elkarrizketara zabalik izango duzue beti, baina horrek ez du esan nahi gai honen inguruan zuek erabiltzen dituzuen sasi-argudioak onartu behar dituenik. Eta garbi gelditu dadila, nire babesa bakarrik ez, milaka pertsonaren babesa du Josuk Arrasaten, horregatik da zinegotzia, ezta?

--------------------

Enrike Letona

Arrasate

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.