"Kutxa pribatizatzeko trikimailuak"

Erabiltzailearen aurpegia

Azaroaren 21ean Gipuzkoako Kutxako batzar orokorra osatu eta Administrazio Kontseilua bozkatu zen.

Bertan gertatutakoa lotsagarria izan zenez, eta debagoiendarroi bete-betean eragingo digunez, salatu nahi dugu gutun honen bidez. 

80 batzarkide aukeratu behar ziren eta ondoren horien artean 15 kide Administrazio Kontseilua osatzeko.

Udaletan, Batzar Nagusian eta Kutxako batzarrean EAJk, PPk, eta PSOEk batu egin zituzten indarrak EH Bilduren aurka joateko. 

Komunikabideetan bata bestearen kontra esaten dituzten guztiekin, zein ondo moldatzen diren Kutxa kontrolatzeko.

Gainera, edozein zerrikeria egiteko eta babesteko prest agertzen dira. Gizarte eragileei dagokienez, Euskararen Kontseiluak aurkeztutako hautagaitza atzera bota zuten. Zergatik? Bada, ordezkoak 70 urtetik gora zituelako. Araudiak argi esaten du Administrazio Kontseiluko kideek ezin dutela izan 70 urte kargua hartzen dutenean, baina hautagaitza atzera botatzeko arrazoien artean ez da hori agertzen. Gainera, gizarte eragileek ordezkari bakarra dute eta lehenak hartuko luke kargua, ez ordezkoak.

Hortik aurrera joko zikina nagusitzen joan zen. Jesus Mari Larrazabalek –EH Bilduko kidea– salatu egin zuen bertan hautagaitza bat baliogabetu zutela ordezkoak 70 urte zituelako eta beste hautagaitza bat aurkeztu zuten ordezkorik gabe. Xabier Iturbek ez zuen onartu inolako kexarik eta aurrera jarraitu zuen prozesuarekin.

Lehendakaria aukeratzeko bozketan bi hautagai aurkeztu ziren: EAJko Xabier Iturbe eta EH Bilduko ordezkari Antton Izagirre. Berdinketa bat egon zen eta hauteskunde-batzordeko kideek erabaki zuten berdinketa adin gehien zuen pertsonaren kalitatezko botoarekin hautsiko zutela, hori inongo arauditan agertzen ez denean. Hori ez litzateke horrela izango zaharrena PSEkoa izango ez balitz, jakina. Beraz, trikimailu hauek guztiak erabili ondoren, EAJren, PPren eta PSEren artean banatu ziren mahaiko karguak.

PNVk, PPk eta PSEk Kutxan egin dutena beste hainbat esparrutan egiten ari diren gauza bera da. EH Bildu kanporatu, ezer aldatu ez dadin. Beraz, inolako zalantzarik gabe hau da datorkiguna: etxe-kaleratze gehiago, politika espantsionistarekin jarraitu, Kutxabank pribatizatu eta burtsara atera; bertako enpresei maileguak emateko erraztasunik ez eta kutxen izaera sozialaren amaiera.

Gure aldetik esan ez garela gora begira geldituko eta herritarren kontra hartuko dituzuen neurri guztietan parez pare aurkituko gaituzuela. Guk gurean jarraituko dugu, banku publiko eta sozialaren alde lanean.

--------------------

Enrike Letona

(Arrasateko ezker abertzaleko kidea)

Arrasate

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.