Urte latzak izan ziren haiek. Gogorrak. Beraien gogoan gelditu zen orduan bizi izan zutena. Baita liburuetan jaso ere bizipen eta gertaera haien arrastoak, baina hotzak dira hitzak guztia azaltzerakoan: Andres Egaña kide zen Loyola batailoiko 63 bergararretatik, lautik bat frontean hil zuten, eta besteek denetik ezagutu zuten: hala-nolako epaiketak, heriotza zigorrak, urteetako kartzela-zigorrak, Frantziako Gurs kontzentrazio eremuan kartzelaratzeak, langile batailoietako urteak, ondasunen bahiketak eta hainbat eta hainbat gerra osteko bizipen.
Guztia, askatasunaren eta demokraziaren defentsagatik. Orduan esan zitzaien eta gaur ere diogu: egin zuten guztia ez zela ahaztu, ez genuela ahaztu eta ez dugula ahaztuko.
Horregatik, omenaldi egunean, pleno aretoa herritarrez gainezka zegoela esan genuen bezala, diogu gaur ere:
Agur eta ohore, Andres!
----------
Elena Lete
EAJ-PNVren Bergarako Udaleko bozeramailea
Bergara