Goiena: 25 urteko ibilbidea

Goienak Debagoiena egin egin du

Erabiltzailearen aurpegia Elena Laka 2025eko abenduaren 4a

Debagoiena bada Goiena badelako, alegia, Goienak egin du Debagoiena, eta hori horrela da.

Badakit, bai, Debagoiena eskualdeak 25 urte baino gehiagotxo dituela, lehenagotik ere Gipuzkoako lurraldeko eskualde bat bazela izen horrekin. Baina, laga esaten, Debagoiena Euskal Herriko mapan jarri, eskualdea komunitate moduan ezagutarazi eta eskualdea izendatzerakoan Euskal Herrian ia edonork kokatu ahal izatea Goienak egin du. Zeren aurretik baziren ezagunak bailarako hainbat osagai: Arantzazu, Mondragon, kooperatibak… Baina ez eskualde oso bat, ez eskualde bakar bat, ez eskualde nortasuna, ez bailarako herrien arteko josturarik. Hori guztia lortu du Goiena hedabideak, egunero gertukotik informazioa emanez.

Zeren eguneroko albisteak gertukoenetik ematen dira, baina informazioaren irismena ez da gertukoan geratzen. Urte hauetan Isaias Carrascoren hilketa, Fagorren itxiera, Ino Galparsoro alkatearen atxiloketa, sexu abusuak egindako apaizarena, zabor bilketa sistemari buruzko gatazka, Fagorren aurkako kooperatibakideen epaiketa eta eskualdea gainditzen duten beste hainbat kontatu dizkigu Goienak, guztiak protagonisten orpoetatik abiatutako albiste nazionalak. Hurbiltasunetik, errespetutik eta lan profesionaletik. 

Eta, aldi berean, komunitatea egin du bertako albiste edo arazo txikiago baina benetan garrantzitsuen berri emanez: UDA taldearen garaipenak, San Milixan jaiak, Agorrosinen irekiera, Salbador kaleko lanak, Oñatiko Herri Eguna, Aramaioko auzoetako ur-eskasia, kintoen dantza, Kooltur Ostegunak… Ez ote genukeen gertukoaren falta sumatuko orain kenduko baligukete. 

Baina ez da bakarrik gertatzen denaren berri eman. Goiena sustatzaile da bailaran, komunitate egile. Kantari umeentzako lehiaketa arrakastatsua, Danbaka musika lehiaketa, Algaraka bakarrizketa jaialdia, garai bateko blog komunitatea, podcastak orain… eskualdetarrentzako plataformak bultzatzea izan du helburu hasieratik, kultur bizitzan eragitean. Gertukotik. Euskaraz.

Badu Goienak beste mugarri bat, beharbada ez horren ezaguna eskualdean: Tokikom tokiko hedabideen elkarte sarearen eragile eta traktore da, egun 299 udalerri eta 78 tokiko hedabide elkartzen dituen enpresan aurrelari eta sustatzaile.  

Goienaren bultzadatik eta Tokikomen sorrerarekin hasitako lanetik Euskal Herri osoan tokikotik abiatutako hedabideen aitzindaritza etor daiteke? Horretan jarriko nuke Goienaren hurrengo 25 urteetarako fokua, nire iritziak balio badu. Zumetzak badaude kanal desberdinetatik prestigioa eta lidertza izango duen nazio osoko hedabidea sortzeko. Sare sozial anitzentzako edukiak eskainiz, komunikazio modu berriak modu ausartez erabiliz, datu propioetatik albiste propioak landuz, lotsarik ez izanez gaiei handitik heltzeko, kritika politikoa ere eginez. Arraza, hizkuntza, klase eta adin guztietako jendearen ahotsa eta partaidetza ikusi gura dut tokikotik abiatuko den nazio hedabidean. Sortutako komunitatearen barruan komunitate txikiagoak ikusi nahi ditut, herritar bakoitzak, entzule, ikusle, irakurle bakoitzak bere intereseko edukia topa dezan Goienaren bitartez. Goienak landutako edukiak sarean ikusi nahi ditut, biral, behin eta berriro aipagai telefono bidez zabaltzen diren albiste itxuraz tonto horietan. Goiena ikusi nahi dut Debagoieneko autobusetako pantailetako informazioa ematen. 

Eta eskualdeko negozio, enpresa eta elkarteekin lankidetza berriak ezagutu nahi ditugu, bailararen ekonomiaren eta kulturaren –alegia, biziberritzearen– mesedetan etorriko diren ekimen berriak, Goienak sustatuta edo lagunduta.

Hogeita bost urte ez da ezer, baina zuen kasuan demasa da hasitako bidea. Zorionak, Goiena, beste 25 urtetarako eta bailaran disfrutatu ditzagula.

----------

Elena Laka

Euskaltzaleen Topaguneko presidente ohia

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak