... errezeta ekonomikoek kostata lortu dugun ongizate estatua eta gizarte oreka larriki murriztu baino ez dutela egin. Hartara, bide horrekin ados ez gaudenok behar besteko neurriak hartu behar ditugu". "Milaka euskal familiak beren haragi eta odoletan atzeraldi ekonomikoaren, langabeziaren eta ongizate mailaren galera bizi dute". "Euskadik gaur egun dituen 150.000tik gorako langabeak dira, seguruenik, politika ekonomiko okerraren ondorio".
Irakurlearentzako buru abilezia ariketa bost segundotan: non dago idatzita aurreko testua? LABeko paskin bat da? Caritasen txosten bat? Suminduen protesta bat? Ez!
Jaun-andreok, hau EAJk eta PSEk sinatu duten itun fiskala deritzon horren sarrera da, hitzez hitzezkoa, aste honetan bertan PPk ere bere egin eta besarkatuko duen itun horren oinarriren letrak.
Itunaren atalasean sinatzaileek gaur egungo errealitatearen erradiografia egiten dute, ondoren zerga-arauen aldaketaren bitartez herritarroi diru gehiago atera ahal izateko. Nolabait esateko, sarrera horretan akordioaren abiapuntua, zorua markatzen dute, hortik aurrera erreformak eraikitzeko.
Akordioaren testuak zorua ezarrita, hemen ostera ez da zoru etikoa ezertarako aipatzen. Ezin baitu etikaz hitz egin herritarron odolaren eta haragi horren kontra diharduen politika ekonomikoa bultzatu duen alderdiak. Etikarik ez duelako langabezia politika ekonomiko okerraren ondorioa dela esan, eta politika hori bultzatu eta eragin duen alderdiak. Etika hitzaren esanahia ez baitu ezagutzen murrizketarik ados ez dagoela adierazi, eta murrizketak aplikatzen dituen alderdiak. Non da erantzukizun politikoa?
Itun honekin bat egiteko orduan alderdiei zoru etikoak ez badie trabarik egin, aspalditxo ez diote hurrik eman etika berbari.