"PNV-PSOEri erantzuna (4)"

Erabiltzailearen aurpegia

PNVk eta PSOEk azaroaren 16ko GOIENA paperean atez atekoaz eta errauskailuez esan zituztenei...

... erantzun nahi die Debagoiena Zero Zabor-ek. 

Beste puntu batzuekin ere konforme ez egon arren, erantzuna lau punturi buruz egitea erabaki dugu. 

Hau haietako bat da:

Errauskailuak ez direla kutsakorrak diozue... Gaur egun errauskailuen ondorioez dauden azterketen eta datuen arabera hori ezin liteke baieztatu inondik inora. Ehunka ikerketa zientifikoren emaitzek adierazi dute errauskailuek (bai zaharrek, eta neurri txikiagoan izan arren baita berriek ere)   gizakion osasuna hondatzen dutela eta ingurumena pozoitzen dutela. Errauskailuak kutsakorrak ez direla sinesgarritasunez baieztatu nahi baduzue, kutsakorrak ez direla frogatu beharko duzue.

Errauskailuetako eskoria eta errautsek ze toxikotasun duten neurtu ere ez da egiten. Tximinietako kea neurtzen da, baina urtean bi neurketa bakarrik egitera behartzen ditu legeak. Ez gehiago. Eta bi neurketekin ez dakigu urte guztian zehar zer gertatzen den, eta gutxiago neurketa horiek noiz egingo diren aldez aurretik abisatzen delarik. Emaitza fidagarriak lortzeko, neurketak modu jarraituan egin beharko lirateke eta ez noizean behin bakarrik. Baina hor agertzen da arazoa: neurketak modu jarraituan egingo balira, badakigu ze emaitza irtengo liratekeen. Belgikan, errauskailu moderno aurreratu batean bi astetako neurketa jarraituak egin ziren. Emaitzak: dioxinen kopurua legez baimendutakoa baino 30 aldiz handiagoa. Polonia eta Suedian ere, errauskailu modernoetan emaitza kezkagarriak agertu dira neurketa jarraituaren bidez. Zubietako errauskailuak izango lukeen teknologia berbera duen Madrileko errauskailuan aldez aurretik abisatu gabeko neurketak egin ziren. Emaitzak: dioxinen kopurua legez baimendutakoa baino 15 aldiz handiagoa.

Errauskailuen inguruetan ere egin dira ingurumenari eta  bertako biztanleen osasunari dagozkien azterketa zientifikoak. Emaitzak: lur kutsatuak, minbizi tasa disparatuak, inguruetako biztanleen arnas arazo larriak...

Noiz arte jarraitu behar duzue errauskailuak "ez direla toxikoak" baieztatzen?

Arinkeria onartezina da PNV eta PSOEk horrelako ziurtasunarekin errauskailuak ez direla kutsakorrak baieztatzea, zientzialari, kimikari, sendagile eta abarren ikerketa eta txosten guztien gainetik pasatuz.

Errauskailuaren segurtasunaz, azken teknologiaz eta abarrez hitz egiten duzue. Beste garai batean nuklearrez oso antzeko gauzak esaten aritu zineten. Oraingo konbentzimendu berarekin, orain bezain zalantza gutxirekin.

--------------------

Ekaitz Otxoa, Roberto Martinez eta Nekane Ayensa

(Debagoiena Zero Zabor)

Debagoiena

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.