"Historia garaikidea"

Erabiltzailearen aurpegia Eneida Iturbe 2012ko urr. 20a, 02:00

Duela gutxi, Normandiako lehorreratzea gertatu zen...

... hondartzak bisitatzeko aukera izan nuen: kanposantuak, nazien bunkerrak, museoak... denetarik dago inguru hartan. Horrenbeste pertsonak bizia galdu zuten lekuan turismo egitea morboso samarra ez ote zen duda egin nuen, eta egun batzuk geroago, 97 urteko emakume baten ahotik jaso nuen erantzuna: Neus Català 1944 eta 1945 bitartean Alemaniako Ravensbrück izeneko kontzentrazio eremuan preso egon zen. Bost urtean behin bertara itzultzen da. Hala azaldu zuen pasa den astean Kataluniako telebista publikoko El Convidat saioan (ETBko Xabier Euzkitzeren Bisitaria saioaren bertsio katalana). Kazetariak hara ez bueltatzea hobe ez ote duen galdetu zion eta berak ezetz erantzun zuen, sufritu egiten duela, baina joan beharra dagoela, "han hildakoei zor diegulako". Sekulako duintasun eta bizitza lezioa izan zen ikus-entzule guztiendako.

Neusek ez du bere burua salbuespentzat jotzen, lekuko bat dela dio. Ravensbrückeko bere lehen oroitzapena tximinia da. Azken egunera arte martxan egon zen labe hark 92.000 emakumeren gorpuak erre zituen. Bizirik irtetea lortu zuten askok ezin izan zuten umerik eduki, antzutu egin zituzten eta. Neusek, baina, antzutzeko injekzioak eman zizkioten arren, bi seme-alaba dauzka. Ez du marradun arroparik janzten eta sarri aurreko egunean gertatutakoak gogoratzea kosta egiten bazaio ere, ez du inoiz ahaztu txikitan aitak agindutakoa: "Ez jaitsi begirada inoren aurrean". Hala, ez zuen inoiz nazi baten aurrean negarrik egin.

Espainiako Gobernua hezkuntzan prestatzen ari den erreformak, ikasleak "espainolizatzen" saiatzeaz gain, DBHn Zientzien arloa aukeratzen duten gaztetxoak historia garaikidea ikasi gabe lagako ditu. Ez dute, beraz, Normandiako lehorreratzearen edo nazien kontzentrazio esparruen berririk jasoko. Ea, behintzat, bertara bidaiatzeko aukerarik duten!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak