"Eurovegas? Ez, eskerrik asko"

Erabiltzailearen aurpegia Eneida Iturbe 2012ko mar. 9a, 01:00

Krisiak gauzak diru gutxiagorekin egitera behartu gaitu...

... eta, ondorioz, sormena eta irudimena gehiago lantzen omen ditugu. Kreatiboagoak izatera bultzatu gaitu, beraz. Askok hala ulertzen dute krisia eta ideia berrien iturri dela diote. Beste zenbaitentzat, aldiz, edozer justifikatzeko aitzakia da. Azken lan erreforma, esaterako. Edo Eurovegas bezalako makro proiektu espekulatiboa. 

Madrilek eta Bartzelonak etxera eraman nahi dute Las Vegas europarra. Lanpostuak sortuko dituela eta dirua eramango dietela diote. Horren truke, baina, Sheldon Adelson multimilionario estatubatuarrak nahi duen dena egiteko aukera eduki nahi du. 

Hark eskatzen dituen baldintzak bete ahal izateko zenbait lege aldatu beharra legoke, ez baitu zergarik ordaindu nahi eta beste zenbait erraztasun eskatzen baititu. Kasinorako eta inguruan eraikiko liratekeen hoteletarako eta bestelako zerbitzuetarako lan-esku merkea lortu nahiko luke Adelsonek. Horretarako, beste herrialde batzuetatik eramango luke jendea, lan baldintza eskasetan eta eskubide gutxiagorekin aritzeko.

Bartzelonan eraikiz gero, El Prateko aireportutik gertu kokatuko lukete makroproiektua, Baix Llobregat eskualdean. Kataluniako eskualderik populatuenetakoa da hau eta gehiago urbanizatzea pentsaezina litzateke.

Adelsonek antzerako beste kasino eta resort ugari dauzka munduan zehar. Ekologistak Martxan taldeak leku horietan droga, prostituzio eta mafiak mugitzen direla salatu du.

Inguruneak eta gizarteak kalte ugari jasango lituzkete, beraz, Eurovegas Bartzelonan ezarriz gero. Zeinek gozatuko luke, bada, kasino eta bestelakoekin? Generalitatearen arabera, itsas gurutzaldietan Bartzelonan porturatzen diren turistentzat denbora-pasa ona izango litzateke.

Turistei begira, pertsonen esplotazioan oinarritutako proiektu espekulatiboa nahi? Ez, eskerrik asko!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak