Eneida Iturbe: "Hau marka!"

Erabiltzailearen aurpegia Eneida Iturbe 2011ko api. 1a, 02:00

Manel musika talde katalanak bigarren diskoa argitaratu berri du eta...

... salmenten zerrenda ofizialean lehen postura iritsi da, astebetean 10.000 kopiatik gora salduta. Lorpen gogoangarria, itxura denez, komunikabide askok jaso baitute gertakaria.

Egunkari gehienek berri-agentzien teletipoak errepikatu dituzte: katalanez abestutako diskoa dela azpimarratu izenburuan; pare bat efemeride gogora ekarri (Lluis Llachek eta Joan Manel Serratek bakarrik lortutako marka dela); eta, bukatzeko, albistea jasangarri egiten duen gozokia, Estatu mailako edozein marka lortzearren ordaindu beharreko bidesaria: taldearen web orrian kantuen hitzak gaztelaniara itzuliko dituztela "katalan hiztun ez direnek ulertu ahal ditzaten".

Badirudi, beraz, munduan bi motatako gizakiak daudela: katalana ulertzen dutenak eta gaztelania dakitenak.
Polaritate horretan edo antzerakoan sinisten duten askok, gainera, berripaperen Interneteko edizioak aprobetxatzen dituzte euren ezjakintasuna lau haizetara zabaltzeko. Zenbait egunkarik albisteei erantzuteko aukera eskaintzen die irakurleei. Ez zait ideia txarra iruditzen, askotan aberasgarria izan daiteke eta.

Albisteak katalanak edo euskaldunak ahotara ekartzen baditu, baina, erantzunen atalak anonimo izenpean ezkutatutako intolerante koadrila baten elkarrizketa (edo hobeto esanda, bakarrizketa) bihurtzeko aukera asko dauzka. Masokismo puntu bat daukazuenok tekleatu ordenagailuan Elmundo.es eta begiratu Manelen diskoaren gaineko albistea edo Sorturen aurkako epaiari buruzkoa.

Berria beste ikuspuntu batetik begiratzea eta esplikatzea ere badagoela ikusteko, Gara-n Pablo Cabezak idatzitakoa irakurtzea gomendatzen dizuet. Zerrenda ofizialen sinesgarritasuna dudan jartzen du, zenbait musika talde euskaldunek marka bera lortu dutela, baina izkutatu egin dela salatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak