Ceuta eta etsaiaren identifikazio okerra, Maroko eta Israel botere kolonialisten bateratzea, gerren eta XXI. mendeko forma kolonialen normalizazioa… Larritu beharko gintuzketen gauza ugari dauzkagu inguruan, baina ez daukat burua leku onean horien inguruan idazteko orain momentuan.
Nire aitxitxa abuztu bukaera aldean agurtu nuen, eta ordutik konturatu naiz zelako garrantzia izan zuen nire formakuntzan eta ibilbide profesionalean, berak jakin gabe. Zenbat ikasi dudan berarengandik eta izan ditugun elkarrizketek zenbaterainoko forma eman dioten orain nik barruan daramadan honi guztiari. Horregatik kostatzen zait gai horien inguruan idaztea orain, nolabait berarentzat idazten nituelako zutabe horiek, emandako guztiaren ordainetan.
Izan liteke ere inoiz baino zentzu gehiago izatea horretan jarraitzeak, berari eta beste askori esker eraikitako ikuspegi hauek partekatzen eta, nire ustez, fokua merezi duen lekuan jartzen. Dena den, nire buruan berarentzat izaten jarraituko dute testu hauek guztiek.