Armistizioa

Erabiltzailearen aurpegia Eider Najera 2026ko ekainaren 30a

Gure inguruan hainbeste gauza egonda gure arreta beharrezkoa dutenak, zein arraroa den fokua gure gorputzetan jartzen dugula.

Gure gorputzetik gustatzen ez zaizkigun gauzetan, hain zuzen. Modu obsesiboan saiatzen gara tendentzia edo irudi irrealetara heltzen, hauek gure egiten, inoiz eskatu ez baditugu ere. Neurri horiek helburutzat osasuna dutela errepikatzen diogu geure buruari, medikuntzaren inguruan nahiko gutxi jakin arren. Beste batzuetan, geure burua horrela nahiago dugula esaten dugu, inposizioaren eta desioaren arteko lerroa lausotuta dagoela.

Horrela, proiektu bilakatzen da gure gorputza, produktu, kanpoko begiraden zerbitzura. Inoiz ez da nahikoa, aldatu edo hobetu beharreko gauzen zerrenda ez delako bukatzen, beti gauza berriak gehituz, harrapaezina den puntu horretara helduko garen esperantzaz. Gure azalean lubakiak eraikitzen ditugu, eta bi bandoetan gaude, ezin jakin zein dagoen defenditzen eta zein eraso egiten. Nekagarria da norberaren aurkako gerra bat irabazten saiatzea. Zaindu ezazue zeuen burua, baina ez erakutsi diguten moduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak