Elkarturik, aldiz, lorpenik handienetarako gai gara". Arizmendiarrietak utzitako balioen egokitasuna eta gaurkotasuna erakusten digu Goiena Komunikazio Taldearen 25. urteurrenak. Izan ere, bakoitzaren berezitasunez eta interes propioez gaindi, euskararen eta komunitate oso baten mesedetan jarduteko bide berritzailea ireki zuen Goienak 2000. urtean. Eta, horrekin batera, oso ekarpen baliotsua egin zion, egin dio eta egiten dio eskualdeari, Gipuzkoa osoari eta gure herriko hedabide sistemari.
Mundua 2000 efektua-ren beldur larri zebilen bitartean, Goienaren sustatzaileek epe ertain eta luzean begirada jartzeko gaitasuna izan zenuten. Hedabideen alorrean iristear ziren aldaketa sakonei aurre hartu, indarrak batu eta eskualde mailako komunikazio taldea sortzeko bisioa. Ez edonola sortu, gainera: euskara hutsean, Debagoienean hain sustraituak dauden balioetan oinarrituz, kooperatiba eredu berezi eta aurreratua abiatuz, profesionalizazioan eta zerbitzuaren kalitatean aurrera eginez. Telebistaz eta paperekoaz gain, dagoeneko orduan, Interneteko edukiak indartuz. Ordutik hona Goiena efektua-k izandako bidea arrakastatsua izan da. Elkarlanean komunikabide talde sendoa eta berritzailea osatzearekin bat, Debagoieneko herritarrei beren eguneroko bizitzaren, eztabaiden, desafioen eta proiektuen berriak partekatzeko hainbat leiho zabaldu dituzue. Egunero, orduero eta –goiena.eus-en bitartez– minutuero, egin ere. Landutako berri bakoitzarekin, ENG edo erreportaje, argitaratutako iritzi bakoitzarekin, eskualde eta komunitate gisa debagoiendarrak batzen zaituzteten loturak indartzen dituzue.
Eragin positibo hori ez da, gainera, eskualdera mugatu. Tokikomen baitan gauzatutako elkarlanari esker, tokiko hedabideen garrantzian eta ekarpenean sakondu duzue. Eguneroko lanaren eta ereduaren bitartez, profesionalizazioan eta berrikuntzan urrats nabarmenak egin ditu euskarazko tokiko kazetaritzak.
Euskararen biziberritzean jauzia emateko norabideak finkatzen ari garen honetan, Goienaren ibilbideak erakusten digu euskarazko hedabideek zer-nolako garrantzia duzuen hizkuntzaren erabilera sustatzeko garaian. Eta hor, euskarazko hedabide publikoen ekarpenaz gain, estrategikoa da euskal hiztunen komunitatetik sortutako tokiko hedabideen lana. Euskaraz informatzeko eta eduki interesgarri eta erakargarriak sortzeko, euskararen kalitatezko erabilera indartzeko eta euskal hiztunon komunitatea bera indartzeko.
Zorionak Goiena Komunikazio Taldeari eta zorionak tokiko kazetaritzarekin eta komunikazioarekin konprometitzen zareten goienakide guztiei.
----------
Eider Mendoza Larrañaga
Gipuzkoako diputatu nagusia