Goizean goiz elkartu ginen. Batzuk Labegaraietan eta gainontzekoak Seminarioko patioan. Taldeak egin eta lanean hasi ginen, batzuk kamioiekin, beste batzuk piraguekin, eta gehienok erreka bazterrean sartu eta eskuetan traste zahar eta zikinkeriak jasotzen.
Leku askotan, aurreko urteetan egindako lana asko igartzen zen, eta goiza lasai joan zen. Zikinkeria ugari atera genuen, baina goiz-pasa ederra ere izan zen!
Gogora ekarri nahi dugu urtero dioguna: dagoeneko erreka lagun mordo bat garela esan dezakegu, erreka biziberritzea amets dugu eta epe motz-ertainera ibai osasuntsu baten alde lanean jarraituko dugu. Alde batetik, gure esku dagoena eginez, eta, bestetik, erakunde publikoei zein herritar eta enpresei euren eginbeharrak bete ditzatela eskatuz. Garbitzen eta eragiten jarraitzeko bokazioa daukagu.
Lerro hauekin, eskerrak eman nahi dizkiegu zapatuko ekimenean lagundu ziguten honako erakunde hauei: DYAri, Beti Busti elkarteari, Debagoieneko Mankomunitateari, Hierros Naparrari, Bergarako Udalari eta Oilagorra eta Pertxa elkarteei.
Eta, nola ez, ekimenean zuzenean parte hartu zenuten lagun guztiei! Eskerrik asko! Eta datorren urtera arte!
----------
Eider Balzategi
Erreka Batzordearen izenean
Bergara