Etorkizuna elkarrekin amestera gonbidatuta

Erabiltzailearen aurpegia

Debagoiena 2030 ekimena aurkeztu dugu berriki sektore eta izaera anitzeko eskualdeko hainbat eragilek. Garapen komunitarioan sakonduz, eskualdearen eraldaketa sustatzeko bokaziotik abiatuta gorpuzten ari den ekimena da. XXI. mendeak aurkezten dizkigun erronka konplexuen testuinguruan, herritar eta eragileak gonbidatu nahi ditu, elkarrekin eskualdea berramestu eta berrasmatzera.

Klima aldaketa lehen lerroan

Klima aldaketarena da, segurutik, gizateriak azken mendeetan bultzatu duen garapen ereduaren muga eta arriskuen erakusgai nagusia, egungo erronken rankingean lehen postuan ageri zaiguna. Jakin badakigu hurrengo urteetan aldaketa sakonak egin beharko ditugula jendarte moduan kontsumitzeko, lan egiteko, mugitzeko edo aisialdia antolatzeko ereduetan, besteak beste. Bizitza ahalbidetzen duten ezinbesteko baldintzak bermatzea lortu nahi badugu, ez dugu beste erremediorik izango.

Iraunkortasunarekin loturikoak ez dira, gainera, gure gizarteen dilema eta erronka bakarrak; jendarte gero eta anitz eta konplexuagoetan bizi gara eta horrek behar berriak sortu eta erantzun berriak asmatzea eskatzen digu, aukera berdintasuna bermatu nahi badugu; digitalizazioa ere errotik ari da bizitzeko ereduetan eragiten. Anitzak eta konplexuak dira aldaketen inertziak.

Gure eskualdeko askok partekatzen dugun ongizate mailaren talaia goxotik begiratuta, zaila egiten zaigu arriskuen tamaina hautematea; are eta gehiago, eraldaketa beharraren deiadar larria entzutea. Baina eredu honen arrakalak gero eta luze eta sakonagoak dira: bale edo kale, eraldatu ala desagertu, horixe egia. Urgentea da martxan jartzea.

Eraldaketaren olatua

Mendeetan zehar garatutako homo sapiens gehientsuenok epe motzeko beharrak ditugu motor. Historiaurre garaian, berehalako arriskuetara egokitzeko biziraupen mekanismo eraginkorra garatu genuen. Azken mende gutxietan, ordea, guk geuk bizkortu dugu errealitatearen parametroen ordenaren aldaketa, gure gaitasunek egokitzeko duten abiada baino askoz handiagoa ezarri dugu ekosistemetan, eta orain, gu geu harrapatu gaitzake guk sortutako piztiak.

Apokalipsiaren teoriak gero eta hedatuago dauden honetan, ordea, aurreikuspen ilunetan amildu ordez, badago bestelako aukerarik: ingurura begiratu, eredu honen arrakalak elkarrekin eta sakon behatu eta eraldaketaren olatu berria aktibatzea da, segurutik, daukagun aukera onena. Helburu hori da D2030 ekimenaren esentzia, itsasoaren sakontasunean, olatu eraldatzailearen katalizatzaile izateko hondoko-itsasoa sortzeko beharrezko energia batu eta bultzatzea.

Elkarturik, etorkizuna jomugan

Bide horri ekiteko, lehenengo elkarrekin etorkizuna amestera gonbidatzen gaitu D2030ek, ametsek, ilusioek, erronkek mugiarazten baitute mundua. Amets hori kolektiboa bada, bere gaitasuna biderkatu egiten da. Ez dugu urruti begiratu beharrik amets kolektiboen gaitasun itzelaz konturatzeko: hezkuntza euskalduna, emakumeen eskubideen aldeko prozesuak, enpresa egiteko eredu kooperatiboa…. Etxe ondoan ditugu hamaika adibide, ezina ekinez egin daitekeela erakusten digutenak, inoren zain egon gabe, elkartu, amestu eta ametsari ekintza gehituz etorkizuna proaktiboki eraiki dezakegula gogorarazten digutenak. Eta bidea bera ere helburu esanguratsu bihurtzen dela jendarte ahaldundu batera bidean erakusten digutenak.

D2030ek ezberdinen arteko lankidetzara gonbidatzen gaitu oinarrizko eraldaketa estrategia gisa: sektore, ezagutza, esperientzia eta profil anitzeko herritarren eta eragileen arteko elkarlanera. Erronka konplexuen garaiotan, sormen eta sortze ariketa sakonak egin beharko ditugu, behar berriei irtenbide berrituak eskaintzeko eta erronka sistemikoei erpin anitzetatik eragiteko. Industria, kooperatibak, administrazioa, herrigintza eta herritarrak, ezagutza-ikerketa eragileak, artistak, zientzialariak, umoristak, garapen emozionalean adituak, gazte eta helduak… Guztiak behar ditugu eskualde garapen orekatu baterako bidea bilatzeko. Guztiak eta elkarrekin.

Bukatu ziren sektore isolatuen garaiak, diziplina edo eremu bakoitzak bere iparra, bere plangintza zituen garaiak. Egungo gizarte dilemek transdiziplinartekotasuna eskatzen digute, uluka, urgentea baita eredu aldaketa baterako prozesuetan asmatzea, eta horretarako dugun potentzialitate handiena, bakarra ez bada, gu geu baikara. Eta bai, maiz gu horri buruz zatiketan oinarrituriko istorioak kontatzen badizkiogu ere geure buruari, bada hemen elkarloturik eta elkarreraginean bizi den gu handi bat, pertsona, eragile, sektore, dinamika anitzeko norbanako eta taldez osatua. Horixe du Debagoienak eraldaketarako aukera indartsuena, eskualdeak duen inteligentzia kolektibo aberatsa bera. Noski, horrek orain arteko harreman ereduak iraultzea dakar, guztion etorkizunaren aldera norabidetzea bakoitzaren ahaleginak gure ohiko eremu, ohitura eta sare ezagunetatik atera eta lurralde partekatu batera jauzi egitea.

Gobernantza ereduen aldaketa

Elkarlana oinarri izango duen ikuskera eta praktika batek gobernantza ereduak birplanteatzera ere bagaramatza, nahitaez. Zentzu horretan, D2030ek lidergo partekatuak indartzera gonbidatzen gaitu. Eragileak eta herritarrak bagara gure etorkizunaren giltza, balio horren gaineko praktikan ere badugu zer pentsatu. Gobernantza eredu kolaboratiboak esploratzea etorkizun hobea eraikitzeko gakoa da, elkarlan horri zentzua emateko ezinbesteko osagaia, bai filosofikoki eta baita eraginkortasunaren izenean ere. Lurraldeen garapenak eta gizarte orekatu eta osasuntsuek parte-hartzean sakondu behar dute, lurraldeko aktoreak protagonista bilakatuz, etorkizunaren sortzaile eta erantzule. Ez da ariketa erraza, urteetan instituzionalizatutako moldeak birpentsatzea baitakar, deseraikitzea, beste forma bat eman ahal izateko, botere guneak irekitzea –ariketa ausarta, ez atsegina askotan, erabakien jabe diren horientzat– eta eragileek eta herritarrek boterea berenganatzea –inplikatze eta ahalduntze prozedura sakona, bestalde, baina erraza ez, edozelan ere–.

D2030 gonbit bat da, anbizioz eta ausardiaz, ilusioz eta sormenez, eskualde honen etorkizuna elkarrekin idaztera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.