Debagoieneko EH Bilduk eskualderako proiektu estrategikoa landu du ikasturte honetan, eta datorren asteazkenean, ekainak 12, emango du ezagutzera Bergarako Seminarixoan egingo duen aurkezpen ekitaldian.
“Bizi ditugun garaiek, erantzun berriak eta politika egiteko bestelako moduak eskatzen dituzte. Betiko inertziak jarraitzea ez da aukera bat. Politika anbiziotsuak behar dira.
Debagoienean badaude baldintzak jauzi kualitatibo bat emateko. Udalgintzan erakutsi ditugun kudeaketa gaitasuna eta sormena eskualde-eskalara eramatera goaz” adierazi dute koalizio subiranistatik.
Hiru zutabeko proiektu bat
Eredu publiko-komunitarioaren aldeko apustua egingo du koalizioak eskualdeko erakundeetan, eta lanketa hori hiru zutabe nagusitan banatu dute:
- Ongizatea.
- Trantsizio ekosoziala.
- Sozioekonomia.
Gonbidapena eskualdeko eragile eta norbanako guztiei
Garatu duten proiektua eskualdeko eragile eta norbanakoei aurkezteko asmoz, eta “elkarlan zubiak” abiatzeko asmoz, gonbidapena luzatu die EH Bilduk hainbat eta hainbat eragileri.
“Egungo erronken dimentsioak aliantza zabalak eraikitzea eta elkarlana eskatzen ditu. Debagoieneko EH Bildutik eskua luzatzen diegu eskualdeko eragile sozial eta ekonomikoei, baita gizarte zibilari ere, bide hau elkarrekin egiteko”.
Aurkezpen saiorako sarrera irekia izango bada ere, izena emateko eskakizuna egin dute antolakuntzatik. Horretarako, nahikoa izango da izen-abizenak eta jatorria adieraztea honako esteka honetan.