Datorren ekainaren 9an Europako Parlamenturako Hauteskundeak ospatuko dira, eta dagoeneko ireki da posta bidez bozkatzeko aukera.
Ultraeskuinak Europan izan duen gorakadak ekar ditzakeen atzerapauso demokratikoaz ohartarazi, eta, era berean, “EH Bilduren jarduera ardatz nagusiak euskal nazioaren defentsa, antifaxismoa eta Europako gero eta ordezkari gehiagok erakusten dituzten gogo militaristak gelditzea” izango direla azaldu dute koalizio soberanistatik.
Hauteskundeak ekainaren 9an izango badira ere, eta, bozkatu nahi eta deialdira bertaratu ezin duten herritarrek, honako urrats hauek jarraitu beharko dituzte:
- Apirilaren 16tik maiatzaren 30era arte, posta bulegoan eskaera orria eskatu, bete eta entregatu (jar ezazu zure harremanetarako telefonoa). Modu presentzialean edo digitalean egin dezakezu. Ez ahaztu NANa.
- Maiatzaren 20tik ekainaren 2ra, beranduenez, aukeratutako helbidean edo posta bulegoan beharrezko dokumentazioa jasoko duzu: botoaren gutun-azala, boto papera, erroldako ziurtagiria eta bidalketa osoa egiteko gutun-azala.
- Bozkatzerakoan, gutun-azalean botoa sartu eta ongi itxi. Behin gutun-azala prest duzula, sar ezazu bidalketa egiteko gutun-azalean, erroldako ziurtagiriarekin batera.
- Bidalketa ekainaren 6a baino lehen egin behar duzu, beranduenez, posta ziurtatu bidez (ez ahaztu nortasun agiria).
Zalantzak argitu edo prozesuarekin laguntza behar dutenek, Zurgin Kantoiko 5. zenbakian kokatutako Bilgunera gerturatzeko aukera izango dute asteartero 17:00etatik 19:00etara, edo telefonoz deitu edo idazteko aukera, Arrasateko EH Bilduren telefonora: 672 56 85 48.