“Osakidetza zutik jartzeko proposamena” izenburupean aurkeztuko du bihar EH Bilduk Osakidetza berrindartzeko proposamena. Horretarako Rebeka Ubera, Larraitz Arriola eta Karlos Ibarguren etorriko dira Arrasatera, koalizioak Zurgin Kantoian duen Bilgunera. Hitzordua 18:30ean izango da.
- Rebeka Ubera Legebiltzarrean EH Bilduren osasun gaietako bozeramalea da, eta gaur egun EH Bilduko Gipuzkoako hautagaia da Legebiltzarreko hauteskundeetan.
- Karlos Ibarguren, Donostia ospitaleko medikua izateaz gain, Emergentziak ESI-ko zuzendaritzako kide ohia da.
- Larraitz Arriola familia medikua. Urte luzez Osasun Publikoan jardun du eta, gaur gaurkoz, eremu soziosanitarioan dihardu.
Konponbideak eta adostasunak bilatzeko proposamena
Bihar Bilgunean aurkeztuko duten dokumentuan, lau lan ildo nagusi azpimarratzen dira. Lehena da gobernantza berri baten beharra, orain artekoa eredu zentralista eta bertikala atzean utzi eta langileekin batera konponbidea eraikitzeko. Bigarrenik, pertsonal politika berria behar du Osakidetzak, behin-behinekotasuna asko jaitsiko duena eta lan baldintza duinak bermatuko dituena, profesionalek artatu ditzaten pazienteak modu egokian.
Hirugarren lan lerroa Lehen Arretaren indartzea da. Lehen Arreta da sistemaren oinarria, «eta sistemak huts egiten du oinarritik bertatik» adierazi dute. «Lehen Arreta indartzeko neurri sorta eta politika asko jarri behar dira indarrean». Eta azkenik, laugarrena da osasun publikoaren adiera zabalago bat, osasun mentala ere jasoko duena eta ikuspegi soziosanitarioa ere barnebilduko duena.
Eskuratu “Begirada Osasungintzari” proposamenaren dokumentu osoa hemen.