Dagoeneko hasi da Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina, eta EH Bildu buru-belarri jarri da Legebiltzarrerako hautagai eta programaren zabalkundearekin. Lehen ekimena ostegunean egin zuen Arrasateko EH Bilduk auzoz auzo egindako pegada kolektiboarekin. Koalizio abertzaleak bi ekitaldi nagusi antolatu ditu datozen egunetarako Arrasaten:
Apirilak 11, osteguna, solasaldia
Osakidetza zutik jartzeko proposamena izenburupean aurkeztuko du EH Bilduk Osakidetza berrindartzeko proposamena. Horretarako Rebeka Ubera, Larraitz Arriola eta Karlos Ibarguren etorriko dira Arrasatera, koalizioak Zurgin Kantoian duen Bilgunera. Hitzordua 18:30ean izango da.
Rebeka Ubera Legebiltzarrean EH Bilduren osasun gaietako bozeramalea da, eta gaur egun EH Bilduko Gipuzkoako hautagaia da Legebiltzarreko hauteskundeetan. Karlos Ibarguren, Donostia ospitaleko medikua izateaz gain, Emergentziak ESI-ko zuzendaritzako kide ohia da.
Larraitz Arriola familia medikua. Urte luzez Osasun Publikoan jardun du eta, gaur gaurkoz, eremu soziosanitarioan dihardu.
Apirilak 15, astelehena, ekitaldi nazionala Arrasaten
Hitzordu berezia egingo du EH Bilduk apirilaren 15erako, proiekzio nazionala izango duen ekitaldia egingo baitu Arrasaten. Bertan egongo dira Nerea Kortajarena Ibañez, Gipuzkoako zerrendaburua eta bozeramalea Legebiltzarrean, eta Arkaitz Rodriguez Torres zerrendakidea. Hitzordua 18:45ean izango da Seber Altube plazan, eta euria egiten badu, Kulturateko klaustroetan.
'Aldaketa da orain'
Pello Otxandiano Kanpo lehendakarigaia buru duen proiektuak Aldaketa da orain lemapean abiarazi zuen kanpaina ostiralean. Berrikuntza demokratiko eta politikoa beharrezkoa dela aldarrikatu du lehendakarigaiak, herritarren beharrei erantzuna eman ahal izateko. Erantzun eta politika publiko berriak XXI. mendeko arazoei erantzuteko helburuarekin. Xede horrekin aurkeztu berri du azken aste honetan koalizio independentistak 2024-2028 Gobernu Programa. Esteka honetan dokumentua.