Debagoieneko EH Bilduk martxoaren 31n Iruñean ospatuko den Aberri Egunean parte hartzera animatzeko deia egin du.
Koalizio subiranistak nabarmendu duenez, "ezkerreko independentistok argi daukagu gurea herria dela, nazio bat garela eta gure etorkizuna erabaki nahi dugula. Anbizioa eta determinazio kolektiboa ditugu hori horrela dela frogatzeko, eta ziur gaude lehenago edo geroago Estatu izango garela”.
Egun osoko egitaraua antolatu du horretarako EH Bilduk Nafarroako hiriburuan. Hitzordu garrantzitsuena 12:00etan Golemetatik abiatuko den manifestazioa izango da. "Aberri Eguna energia guztia biltzeko eta askatzeko unea izango da, pertsona berdinen eta askeen euskal errepublika eraikitzeko". Halaber, azkenaldian euskarari eta euskal ikurrei izan diren erasoaldien aurrean “Euskal Herria nazio bat da. Nazioa gara.” lemapean aldarria egiteko beharra adierazi du koalizio soberanistatik.
Egun osoko egitaraua, Perlata talde arrasatearra barne
Azken bi urteetako Aberri Eguneko hitzorduen arrakasta gogoratu ditu Debagoieneko EH Bidluk. “Borrokarako egunak izan ziren, baina baita elkarrekin garena ospatzeko egunak ere. Aurten ere, horretarako balioko digu Aberri Egunak, elkarrekin nazioa garela aldarrikatzeko eta horretaz disfrutatzeko”.
Egun osoko egitaraua antolatu du koalizioak horretarako. Hitzordu garrantzitsuena goizeko manifestazioa izango da, Golemetatik abiatuta Antoniuttiraino, “Euskal Herria nazio bat da. Nazioa gara.” lemapean.
Ordubata eta laurdenetatik aurrera, Basotxotik kale animazioaz giroturik Alde Zaharrerantz abiatuko dira. Trikitilariak, Elektrotxaranga, Gaiteroak, buruhandiak, txaranga edota kantuz, besteak beste, izango dira. Burgoen Plazan, umeen gunea izango da 16:00etatik aurrera. Ekain pailazoa eta jolasak izango dira.
Gaztelu Plazan kontzertuak izango dira 16:00etatik aurrera. Perlata musika talde arrasatearrak irekiko du kontzertuen egitaraua, eta Xiberoots eta Trikidantz taldeak ere arituko dira.
Autobusak Debagoienetik
Hitzordu garrantzitsu honetara joateko autobusak antolatu dituzte herriz herri. Joan-etorria 10€koa izango da, eta aurrez izena eman beharko da. Hona hemen herriz herriko izen-emate guneak:
Antzuola: Aitz Garbi taberna
Aretxabaleta: Urbaltz taberna
Arrasate: Irati topalekua
Bergara: Arrano, Pol Pol taberna
Elgeta: Haizea taberna
Eskoriatza: Inkernu taberna
Oñati: Arrano taberna