Une erabakigarriak bizitzea egokitu zaigu, aldaketen aroan murgilduta gaude, bizi hobe baten esperantzak inboluzioarekin talka egiten duen garaian. Hori dela eta, inoiz baino garrantzitsuagoa da orain eta hemen, euskaldunok, gure naziotasunaren errespetua aldarrikatu eta herri gisa etorkizunera begira jarriko gaituen ibilbide propioaren aldeko hautua egitea. “Pirinioen bi aldeetara abesten eta dantzatzen den herria” ginela zioen Victor Hugo idazleak eta datorren larunbatean, kantatu eta dantzatzeaz gain, bizi-bizirik eta sendo gauden herria garela ozen aldarrikatuko dugu, dantzatu eta kantatzeaz gain, pentsatu, ikertu, eraiki, berritu, lan egin eta sortzen dugun herria garela lau haizetara esateko, eta Bilboko Autonomia kalea Nazio hau osatzen dugun herrikidez betetzeko.
Garai zailetan, ordea, argi izpiak non dauden ikusten asmatu behar dugu, etorkizunari begirako agertoki berriak zabaltzeko aukera ederra daukagulako gure aurrean: Euskal Herriko bizikidetzan eta bakegintzan aurreratzeko, politika sozioekonomiko aurrerakoiak artikulatzen jarraitzeko eta nazio auziaren inguruko eztabaidari behingoz heltzeko.
Horiek baitira herri gisa gaur eta hemen ditugun premiazko erronka nagusiak eta lehenbailehen erantzun bat behar dutenak. Alderdi interesen gainetik begiratu behar diogu Euskal Herriak bizi duen une politikoari eta egoera honek eskatzen digun mailan aritzea dagokigu guztioi. Aurrera egingo badugu, ezinbestekoa da gure pultsu soziala indartzea, herritarrak kalera atera eta gure herri interesak defendatzea.
Aurrean daukagun erronka itzela da eta gogoeta hitz hauek baliatu nahi nituzke debagoiendarrak datorren larunbatean, azaroak 18, EH Bilduk Bilbon deitu duen manifestazio nazionalean parte hartzera gonbidatzeko. Bilbon dugu hurrengo geltokia, nazioa garela aldarrikatzeko eta espainiar zein frantziar estatuetan nazio auziaren inguruko eztabaida sosegatu bezain anbiziotsuari lehenbailehen ekin behar diogula aldarrikatzeko.
Arrasaten, 2023ko azaroaren 14ean
Maider Morras Azpiazu