Lagunilla taberna zenaren espazioa okupatuko du EH Bilduren egoitza berriak Zurgin kantoiko 3. zenbakian. Eraberritze lanak 2023ko apirilean hasi baziren ere, urteak daramate proiektua errealitate bihurtzeko lanetan.
“Parte hartzearen eta ideia berrien espazioa izatea nahi dugu, ezkerreko independentiston elkargune ireki eta zabala. Komunitate aberats eta indartsua du EH Bilduk, eta hau ehuntzen laguntzeko gauza izatea nahi dugu”.
Irekiera berria ospatzeko inaugurazio ekitaldia egin dute eguazten honetan Bilgune berrian. Lagunartean bildu dira dozenaka herritar jendez lepo bete den egoitza berri honetan.
Ikasturteko eta legegintzaldiko plangintzak lantzen
Inaugurazioaren aurretik Herri Batzarra ospatu du koalizio ezkertiar eta independentistak. Hiru gai “zentral” jorratu dituzte bertaratu direnek: “Lehenik eta behin kokapen politikoari heldu nahi izan diogu, egoera politikoari erreparatu, eta ikasturte honetarako ditugun erronkak aztertzeko. Are gehiago Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak epe motzera izatea aurreikusten diren honetan”. Horretarako, Rebeka Ubera legebiltzarkidea izan da bilkide arrasatearrekin batera.
Jarraian Udalgintzari lotutakoak azaldu dituzte, analisi eta asmoak partekatuz. Azkenik, Herrigintzari lotutakoei heldu eta Arrasateko EH Bilduren estrategiaz eta berregituratzeaz hitz egin dute. “Aro berri bati ekiten diogu EH Bildun, ilusioz eta indarrez, amestutako proiektuak egi bihurtzeko konbikzioarekin”.
Agendaren berri izateko kontaktua
Ohiko sare sozialez gain, telefono zenbakia berritu du Arrasateko EH Bilduk, eta dinamika sozial eta politikoaren aktibaziorako baliatzen jarraitzea nahi du. “Arrasateko EH Bilduren informazioa jaso, edo eta gurekin harremanetan jartzeko, 672 56 85 48 telefono zenbakia kontaktuetan gorde, eta mezu bat idaztearekin nahikoa izango da. Modu honetan, agendaren eta ekinbide politikoen berri izango du aurrerantzean”.