Larunbat honetan ospatuko da Arrasateko Udalbatzaren eraketa plenoa. Bertan, maiatzaren 28ko hauteskunde munizipaletatik ateratako kargu publikoek zinegotzi kargua hartu eta alkate berria aukeratuko dute.
Ezusterik ez dute espero EH Bilduko kideek larunbateko eraketa plenoan, eta aurreikuspen guztien arabera Maider Morras Azpiazuk hartuko du alkate mandoa. “Arrasatek bestelako udalgintza eredu baten alde egin du, herritar zein eragileen parte hartzea bultzatu eta elkarlana sustatuko duena, horretan aurkituko dute EH Bildu”.
Alderdiekin bilera erronda
Udal Gobernua osatzeko asmoz hainbat harreman egin ditu Arrasateko EH Bilduk alderdi guztiekin. EAJrekin egindako bilkuran zein PSErekin egindako harremanean, “oposizioan kokatzeko asmoa agertu dute. Gure aldetik elkarlanerako eskuzabal agertu gara, oposizioak baduelako funtzio eta betebehar garrantzitsua Arrasatear guztion etxea den honetan”.
Udalbatzan ordezkaritza lortu duen laugarren alderdia da Elkarrekin, eta hauekin ere bildu da EH Bildu. “Elkarrekin alderdiarekin sintonia ona dago, bi alderdi aurrerakoi izanik, ekimen askorekin bat egin dugu oposizioan egon garenean. Orain koaliziozko Udal Gobernua osatzeko aukera aztertzen ari gara”.