Arrasateko EH Bilduk gaur arratsaldean egin du kanpaina amaierako ekitaldia Serber Altube plazan. Bertan bildu ditu Maider Morras alkategaia eta zerrendakide guztiak herritarren galdera eta hausnarketei erantzunez.
Hamar herritarren zuzeneko parte hartzea izan da ekitaldian, eta zerrendakideek hausnarketa zein galderei herri programa eta asmo politikoekin erantzun diete. Gai asko izan dira berbagai, komertzioa eta ekonomia, haur eta familien beharrei erantzuteko proposamenak, auzoak, kultura, kirola, hezkuntza, gazteak, nagusiak, feminismoa eta herrian bizitzearen ingurukoak.
Gai guztiek izan dute erantzuna, eta zerrendakide askok parte hartu dute. Maider Morrasek, koalizioko alkategaiak, EH Bilduren proiektuak “Arrasate bizia” lortzeko asmo eta bokazioa duela, eta “lehen egunetik” lan horri ekingo diotela esan du, “parte hartzea eta eragile ezberdinen arteko kooperazioaren bitartez”. Izan ere, Arrasate “itzalita” sumatzen du koalizioak, eta “loalditik esnatzeko baliabideak eta proposamen egingarriak” martxan jartzeko konpromisoa hartu dute.
Aldaketaren beharra
Ekitaldia amaitzeko datorren igandean EH Bilduri bozkatzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du Morrasek. “Arrasatek aldaketa bat behar du, eta aldaketa hori EH Bilduren eskutik etorriko da”. Horretarako hitzordu garrantzitsutzat jarri du Maider Morrasek igandeko hitzordua, “dena aldatu daitekeelako, datorren domekan egin dezagun aldaketa”. Arrasateko eta Gipuzkoako EH Bilduren bozka paperak eskuan zituela bozka eskatzen amaitu du hitzartzea koalizioko alkategaiak.
Jai giroa kanpaina amaitzeko
Behin ekitaldia amaituta musikaz girotuta eta jatekoak zein edatekoak lagunduta, amaiera jaia egin dute EH Bilduko kideak. Pozik agertu dira egindako lanagatik, eta herritarrengan sortu den ilusioa eta esperantza nabarmendu nahi izan dute, ezinbestekoa dena, igandean Arrasatek behar duen aldaketa eman dadin.