COHOUSING ereduko etxebizitzak martxan jartzea aurreikusita dago Arrasateko LA MERCED IKASTETXE zaharreko eraikinean. Aspaldi hutsik dagoen eraikina berrituta, herrian dugun etxebizitza arazoari eta gazte zein adin nagusikoen ahalduntzeari erantzun bat eman nahian, etxebizitza komunitarioak sortzea da helburua.
EH Bilduren ekimenez sortu da Gipuzkoako lehendabiziko COHOUSING proiektua, Usurbilen, eta egitasmo BERRITZAILE hori eredu hartuta, Arrasateko herritarrak hasi dira ekarpenak egiten. Pasa den ostegunean egindako lansaio irekian bildutako proposamenen arabera, etxebizitza sare horrek izaera PUBLIKO-KOMUNITARIOA izan beharko luke, herriaren zerbitzura egon beharko luke, hartara arrasatear guztiek izan dezaten parte hartzeko aukera, eta Arrasaten ditugun bi arazo larri arindu beharko lituzke: gazteen emantzipatzeko ezintasuna, eta adineko pertsonen bakardadea. Bi behar horiek herrian sortzen duten ezinegona arinduko luke etxebizitza sare horrek, eta belaunaldien arteko harremanak sendotu ere bai, elkarbizitzaren bitartez.
Bere garaian, gainera, 2011-2015 arteko legegintzaldian, koalizio abertzaleak proposatua zuen eredu horren inplantazioa. Egoeraren azterketa egin zuen orduko udal gobernuak, baina ezinezkoa izan zen eraikina erostea.
Orain, hala ere, eraikina berreskuratzeko aukera badagoela ikusita, EH Bilduk ilusioz heldu dio gaiari atzera ere, zaintza beharrei erantzutera datorren eredua delako, eta herriak konponbideak behar dituelako. Herritarren lehendabiziko ekarpenak bilduta, beraz, proiektua lantzen jarraituko du EH Bilduk, HERRI PROGRAMAN jasota gelditu dadin.