AHTak Arrasateko Lezetxiki kobazuloan eragindako kalteez azalpenak eskatu ditu EH Bilduk Kongresuan

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Arrasate 2023ko ots. 8a, 16:15

Iñaki Ruiz de Pinedo diputatuaren galderari erantzunez, Espainiako Garraio ministroak kalteak ukatu ditu txosten tekniko baten argudiopean. Txosten hori helarazteko eta publiko egiteko eskaera aurkeztu du gaur EH Bilduk.

AHTaren lanek Arrasateko Lezetxiki kobazuloan eragindako kalte larriez azalpenak eskatu ditu gaur EH Bilduk Kongresuko kontrol saioan, ondare kultural eta arkeologikoa babesteko asmoz. «Egoera onartezin hau ezkutatua izan da bi urteotan, eta espeleologoen lanari esker ezagutu dugu orain». Hala mintzatu da Iñaki Ruiz de Pinedo diputatua. Espainiako Garraio ministroak, ordea, kalteak ukatu ditu Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ildoari jarraiki: «Kobaluzoaren egoera egokia da».

Lezetxikin eragindako kalteak gutxiestea leporatu dio Ruiz de Pinedo Raquel Sanchezi: «Jakin badakigu kalteek ez dutela atzera bueltarik, baina suntsiketa gehiago saihesteko, gertatutakoari buruz azalpenak emateko eta erantzukizunak argitzeko ordua da. Ez kalteak ukatzekoa. Eremu karstikoak, dozenaka akuifero, eremu babestuak eta balio arkeologiko handiko kobazuloak suntsitu dituzte AHTaren lanek; dena isilpean».

EH Bilduren aburuz, ez da egia ministroak esandakoa. Gobernuak ez du lehen momentutik neurriak hartu; gertatutakoa ezkutatu du. Horregatik, ministroak bere erantzunean aipatu duen txosten teknikoa helarazteko eskatu dugu gaur bertan Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak: «Inork ezagutzen ez duen txosten bat aipatu du ministroak kalterik egon ez dela argudiatzeko».

Horrez gain, EH Bilduk ez du ziurtasunik AHTak eragindako zuloaren eta aztarnategiaren artean zenbat metro dauden. Ministroak gaur esandakoaren arabera, 300 metro baino gehiago dira. Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, ordea, 140 metro dira. Ilunkeriaren, informazio faltaren eta ikerketa faltaren aurrean, ingurunea errespetatuko duen tren sozial baten aldeko apustua berretsi du Ruiz de Pinedok AHTaren alternatiba gisa, ibilbideko zati berriak «berraztertzeko» eskatzeaz gain.

Ikusi agerraldia osorik

Txosten eskaera

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak