JUAN ARZAMENDI ERAIKINAREN GAINEKO OBREN INGURUAN.
Arrasateko EH Bilduk bere kezka adierazi nahi du Juan Arzamendi musika eskolaren obrak geratuta daudela eta. Esan beharra daukagu obra burutzeko ardura duen enpresak ez duela oraindik kontratua bertan behera utzi eta, beraz, oraindik ezin dira kontratuan dauden zigorrak ezarri.
Kepa Urteaga gure udal taldeko zinegotziak otsailaren 20an egindako bileran galdetu zion Obra eta Zerbitzuetako batzordeburuari lanak geldi egoteko arrazoiaz eta informazioa zutenean jakinaraziko zutela esan zuen. Urtarrilaren 27ko Hirigintza batzordean Ibon Arrupe alkateordeak azaldu zuen obra geldirik zegoela, uste zutela enpresak arazo ekonomikoak zituela baina argi utzi zuen (eta bileran jaso zen aktan horrela dago) datuen babesean oinarriturik ezin genuela gai hau publikora atera. Guk zintzo errespetatu dugu esandakoa.
2020ko otsailaren 13ko Udalbatzarrean Igor Urizarrek (Elkarrekin Irabazi) gai honen inguruko galdera bat egin zuen eta Anuska Ezkurra EAJko bozeramaleak esan zuen hurrengo batzordean emango zela informazioa.
Maria Ubarretxena Alkatea gaur agertu da prentsan azalpen batzuk emanez, kontratua apurtuz gero ze ondorio egongo liratekeen esanez Arrasate Musikal eta Goikobaluko ordezkariekin batera. EH Bilduri eta Elkarrekin Irabaziri deitu ere ez.
Galdera asko geratu dira airean: Zergatik ez da bilera bat egin enpresarekin, gerentearekin edota Guillermo Ibargoyen enpresaren jabearekin gertatutakoaz galdetzeko? Enpresak esan du kontratua beteko duela, eta, beraz, zergatik irten da alkatea berri hau ematera? Zenbat atzeratu daiteke obra kontratua betetzen ez bada? Zenbat kostatuko zaigu arrasatearroi obra honen atzerapena?
Agerraldiaren zioa lizitazio kontratu baten ez betetzea izanik, zergatik deitzen ditu Arrasate Musikal eta Goikobalu prentsaurrekora?
EH Bildutik garbi utzi nahi dugu prestutasun osoa dugula dagokionarekin gai hau lantzeko eta irtenbideak aurkitzeko, beti ere garaiz eta zintzo informatzen bagaituzte.
Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!
WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.
TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.
Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.