Zerbitzu publikoa ulertzeko moduak eta moduak

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Arrasate 2019ko aza. 22a, 17:46

Arrasateko Udala gobernatzen duten PNV-PSOE hileta eta ezkontza zibilen gaian erakusten ari diren jarrera kezkatzekoa da oso.

 
Hiletekin hasita, egoskorkeriaz ukatzen digute agur zibilak modu intimo eta goxoan egiteko toki publiko bat. Aurreko legealdian, 1.800 sinadura aurkeztu genizkien, arrasatearrek horrelako espazio bat eskatzen dutela ulertarazteko. Azkenean, baina, enpresa pribatu batek hartu behar izan du iniziatiba, Udalak bermatu nahi ez duen zerbitzua herritarrei eman ahal izateko.

Ezkontzen kasuan, berriz, egutegi bat egin du udaletxean noiz ezkondu daitekeen erabakiz. Hala, urriaz geroztik, udal gobernuak soilik larunbat goizetan egingo ditu ezkontzak eta uztailaren 18tik irailaren 12ra, tancat, oporrengatik itxita. Medioetan lau haizetara iragarriko ez duten arren, hainbat herritarri ukatu zaio ja aurreikusita zeukan datan udaletxean ezkontzeko aukera. Erabakia justifikatzeko, ezkontzen eskaerekin "nahaspila" dagoela argudiatu dute. Ez zaigu pisuzko arrazoia iruditzen. Bai, ordea, susmagarria opor garaia tartean dela. 
 
Egia da legez Udala ez dagoela behartuta ezkontzak egitera, ez eta herritarren hiletez arduratzera ere. Halere, non geratzen da gobernu honen zerbitzu bokazioa, non herritarrekiko konpromisoa hitzetatik harago?

Hileten kasuan, EH Bildutik tinko jarraituko dugu espazio publiko duin bat aldarrikatzen, enpresa pribatu batek eskaini arren, egongo direlako zerbitzua ordaindu ezin dutenak. Eta, ezkontzei dagokienez, gu prest gaude udal gobernuak ospatu gura ez dituenak gure gain hartzeko.

Erakunde publikoetan kargu politikoak ditugunok herritarren beharrei zor diegu gure lana. Horixe baita kargu politikoa izatearen funtsa, denbora zehatz batez gure herrikideen zerbitzura egotea, denon ongizatea bilatzeko. Eta helburu horrek baino ezin du gidatu gure egunerokoa erakundeetan gauden bitartean. Gure erosotasun, ideologia eta interes partikularren gainetik, herriaren zerbitzura egoteko obligazioa dugu eta obligazio hori ondo betetzeko modu bakarra dago: zerbitzu bokazioz aritzea.

Arrasateko EH Bilduren udal taldea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak