Arrasateko EH BILDUk kezkaz bizi ditu azken egunotan herrian pasatako hainbat gertaera izan lapurreta edo izan borroka, bizilagunen kontakizunei edota prentsa albisteen bidez ezagutu ditugunak. Era berean, jabe gara sindikatuek eta alderdi politikoek eskatu dugula hainbatetan udaltzaingoari behar beste bitarteko pertsonal ematea eta hau ez dela gauzatzen ari.
Hori gutxi ez eta polizia munizipalaren lan eskaintza bateratuak, Arkauteren bidez udaltzaingoak hornitzeak, porrot egin du. Ez dira ari ezinbestekoak diren lanpostuak hornitzen. Honen ondorioz EAJk gobernatutako hainbat udal lan poltsa propioa ateratzen ari dira euren beharrak asetzeko. Elgoibar eta Bergara ostean atzo bertan Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ageri zen Zarautz bere udaltzain lan poltsa propioa deituz. Zergatik Arrasaten ez?
Herritarrei ziurtasuna eta lasaitasuna emateko ordua da beti ere eskubideen errespetuan oinarriturik, eta herrian antolatzen diren ekimenei sustengua emateko, azken asteburuan Korrika edo Mondraitz adibidez, ezinbestekoa den laguntza bide batez. Ez du ezertarako balio alkatea epaitegira auskalo zertara joateak aurretik udalean gaia ez bada lantzen. Gobernuak EH BILDUri erantzun berri dio ofizialki ez dutela berriz udaltzaingoaz eztabaidatuko, badutela euren eredua eta. Ze eredu da hori? Ari da erantzuten egun diren beharrei?
Ez da argazkirako ordua, mamirakoa baizik. Udaltzaingo ereduaz hitz egin behar da eta horretarako Batzorde propioa eratu udalean EH BILDUk eskatu modan, albo batera utziz adierazpen askatasuna jazartzeko dauden obsesioak eta benetan adarretatik helduz ebidenteak diren beharrak.
Arrasateko EH BILDUren udal taldea