Jai herrikoiak aurrera

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Arrasate 2019ko urt. 22a, 18:27

EH BILDUk elkartasuna adierazi  nahi die Musakolako Jai Batzordeari eta Txosna Batzordeari.

Arrasateko EH BILDUk elkartasuna adierazi nahi die bai Musakolako Jai Batzordeari bai Txosna Batzordeari biek ala biek Udalaren partetik jasan dituzten traba eta oztopo ugariengatik.

 

Musakolako Jai Batzordeari laguntza baino oztopo gehiago jartzen dizkio Udal Gobernuak. Jai hauek auzolanez egiten dira, Auzo Alkatetzaren inpultsoz batez ere eta Musakolako biztanle, taberna eta komertzio askoren ekarpenari esker. Ezin ditugu ulertu hortaz Udal Gobernuak kudeaketan jartzen dizkien traba ugariak, azkena aldez aurretik abisatu gabe faktura elektriko baten kobratzea jai batzordeari, eta ezta EAJ-PSE udal gobernuak gai honen inguruan egiten duen kudeaketa politiko negargarria.

 

Txosna batzordeari aldiz 2.000 euroko fidantza kendu dio Udalak zarata eta zikinkeria argudiaturik. Tamalgarria iruditu zaigu Udala zigorretaraino iritsi izana; mediazioa, elkarrizketa zintzoa edota bestelako neurri batzuei uko egitea suposatzen duelako. Zikinkeriari dagokionean, aipatzen da txosnagunea zikin egoten dela, jaietan zoritxarrez herri erdi lez, ahaztuz esate baterako aitzindari izan zirela baso berrerabilgarrien erabileran. Zaratari dagokionean aldiz dirua kentzea ez da eraginkorra, bizilagunak, udala eta txosna batzordea inplikatuko dituen elkarrizketaren alde egiten du EH BILDUk. Amaitzeko, nabarmendu nahi dugu gazteen ekimena dela batez ere txosnetakoa eta arrasateko gazteriak ez duela kalte hau merezi.

 

Jai herrikoi gabe Arrasatek arima galtzen du, auto-antolaketa eta subsidiarietate printzipioaren adierazgarri ikusgarrienetakoak baitira. Herritarrei erraztasunak ematea, inplikatzen laguntzea, behar luke izan udalaren funtzioak. Zigorrak, kasu honetan bederen, ibilbide motza baitu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak