Bada garaia argi hitz egiteko Arrasaten dugun egoeraz eta, honenbestez, etorkizunean nahiko genukeen gizarteaz. Herri kohesioa dugu jokoan. Hezkuntza formala guztiz merkantilizatuta egonik, hezkuntza ez formalean ez dago inolako udal politikarik berau etxe guztietara hel dadin. Garbiago esanda, badakigu herri honetan norengana heltzen diren kirola, musika edota hizkuntzak. Tristea da askori bost axola izatea, baina are larriagoa arduradun politikoek zenbait erakunderi, egundoko dirutzak eta azpiegiturak bideratu arren, ez exijitzea inongo beka sistemarik ateak benetan zabal ditzaten.
Hezkuntzak aukera berdintasuna bermatzen du, hori genuen kooperatibismoaren oinarrietako bat. Herritarron arteko desorekak desagertzeko biderik justuena hezkuntza guztion eskura jartzea da, dinamika klasista eta baztertzaileak atzean utziz. Begirada eta lan garbi bat behar dugu, modu zabalean herritik hezkuntzara eta hezkuntzatik herrira eragiteko.