Lotsaz gogoratu genuen: herriko bizikleta elkarte guztiek, alderdi politiko batek eta Ziorlako alkatetzak udaletxean bizikletak garbitzeko gunea aspaldi eta askotan eskatu dugula. Auzolanean egitea ere eskaini dela… alferrik.
Kiroldegiaren 40. urteurrena ospatzeko ikuskizunetan 4.000 euro gastatzen dituen herri honetan, momentuz ez dago mangerarentzat lekurik. Baliteke aurrekontu parte hartzaileen bitartez gauzatzea, show-ak ikaragarrizko pisua duelako legealdi honetan.
Milatik gora dira kirolerako eta desplazamenduetarako bizikleta erabiltzen duten herritarrak, nahikoa arrazoi kiroldegitik kanpo ere kirol azpiegiturak beharrezkoak direla bistaratzeko. Baina mangera ziztrina, kirol kudeaketaren eta ikuspegiaren adierazle penagarria bihurtu zaigu.