A ze deskonexioa

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Fernandez 2016ko uzt. 8a, 10:23

Zazpi egun izan ditut deskonektatzeko... Eta lortu dut!

Ume txikiarekin joan gara bikotekidea eta hirurok oporretan Landetara. Oinarrizkoena, sanjuanetako gaupasa apartaren ajearekin telefono mugikorra etxean ahaztu izana. Ez hauteskunderik, ezta Eurokoparik ere aste osoan. Eta aitatasunaz gozatu dut berriro, eguneroko ardura guzti horietatik aske. Goizean goizetik semearekin egoteak izugarri zoriontsu egin nau, hondartzako harean eta kanpineko belarretan zikinduz, frustrazioak, nekeak eta konpromisoak garbituz.

Bueltatu gara eta hasi dira hitzorduak, telefono deiak eta lana. Arratsaldera arte ez dut umea ikusiko, baina begiak ixtean bere irribarrea datorkit burura, bere bakarrizketa xelebre horiek nire bularrean lokartu baino segundo batzuk lehenago...

Goienako kolaborazioa tokatzen zaidala ahaztuta. Zertaz idatzi? Zuri geratu naiz. Umea, familia eta datorren asteburuan berriz irten ahal izateko furgoneta konpondu behar dudala bakarrik ditut buruan. 

Ezustean nirekoi bihurtu al naiz ala bada horrela bizitzerik? Aspaldiko partez lau kontu bakarrik axola zaizkidala aitortzeak ea laguntzen didan, egunerokotasunak berriz ito aurretik, gogoratzeko konpromisoetan oreka bat bilatu behar dugula eta beharbada bizitzaz gozatzeko denbora gutxiegi gordetzen dugula.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak