Bizitza osoa kooperatibismoaren bueltan eman ondoren, barrutik nahiko ondo ezagutzen dudala uste dut eta izugarrizko altxorra dugula ez dut ukatuko. Estrapolatu beharrekoa, esango nuke. Baina politikari bezala, orain kanpotik ere begiratzea tokatzen zait, herritar guztientzat ari gara-eta lanean. Gogoeta hau ere entzun zen atzo: "Mundua ez zaigu eman bakarrik begiratzeko, eraldatzeko ere eman zaigu, eta eraldaketa hori ez da eskuekin egingo, lehenengo ideiekin eta ekintza planekin egingo da".
Primeran! Baina ideia eta plan horiek arrasatear guztientzat izan daitezela eskatzen dut: baita Eskola Publikoarentzat, hiletak elizatik kanpo egin nahi dituztenentzat, infernu ezberdinetatik ihesi ditugun atzerritarrentzat edota langabezian daudenentzat. Integralak eta integratzaileak. Izan ere, azkenaldian klasismo, berekoikeria eta arrazakeria gehiegi nabaritzen dut kalean. Gainera, apaizaren beste esaldi bat berreskuratu nahiko nuke: "Formula sozialak eraginkorrak izango dira formula horiek hartzen dituzten pertsonak formula horien mailan dauden bitartean".
Eta esango nuke herri honek Antzinako Egiptoren gero eta antz handiagoa duela, faraoi, piramide eta guzti.