Badira mizelioak bezala lur azpian errotuta daudenak, ustelkeria sareak esaterako, noizean behin azaleratu eta sumintzen gaituztenak, horra hor Caja Madrideko B txartelen fruitua.
Beste sare batzuetan, Facebook edo Whatsappean esaterako, egunotan ugari dira onddoz betetako maletategien argazkiak, ezberdintasunak aldera batera utzita, a zelako lukurreriak!.
Guztiok bageneki non batu, ez genuke onddo bakar bat utziko mendian, itsasoko arrainekin egin dugun bezala.
Bekaizkeriarik ez zait falta, denbora libre gehiago izango banu... ni ere joango nintzateke bila, ea jalekeria hau asetzen dudan.
Hor dugu hira ere, askorentzat Exkalibur txakurra akabatu dutelako, Madrilen egin diren lardaskeria guztiek sortua. 30 urtez alde batera utzita egon den birus baten aurkako txertoa topatzeko komeriak orain? Gosearen aurkako txertoa gizakia baino zaharragoa da (janaria) eta ez da Afrikara heltzen.
Eskerrak Arrasaten behintzat albiste atseginagoak ditugun, bizikleta bide sare berria esaterako.
Asko pozten nau mugikortasun jasangarriaren aldeko ekimen honen edukiak eta formak. Utz dezagun behingoz alferkeria eta aska gaitezen kotxeen armiarma saretik.
Sarerik interesgarriena berriz, nazio bezala gure etorkizunaren jabe garelako eta aldarrikapen hau gizartean ehuntzeko garaia delako.
Eskozian, Katalunian eta nola ez, Euskal Herrian, Gure Esku Dago. Saretu zaitez!