Erraustegirik ez, ez hemen, ez inon

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Arenaza 2022ko mai. 13a, 00:00

Eusko Jaurlaritzak Valogreeneri atea ireki dio Bergaran erraustegi bat ipintzeko. Erabaki horrek agerian utzi du Eusko Jaurlaritzaren (EJ) asmoa: pribatuen interes ekonomikoen alde egitea, herritarren osasunaren gainetik.

Horretaz gain, maila demokratiko eskasa erakutsi du, ez baitie erantzun zehatzik eman alegazioei, eta Bergarako HAPO (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra) ez du kontuan hartu. HAPOk ez du hondakinak tratatzeko gunerik jasotzen, ezta araztegirik ere, eta Valogreenek bi jarduera horiek ezarri nahi ditu.

Bestalde, herritarrok izan behar dugu honako alderdi hauen berri:

Valogreenek hondakinak tratatzean isuri toxikoak sortuko ditu; besteak beste, metal astunak, dioxinak eta furanoak, eta proiektu teknikoan ez da azterketa espezifikorik egin haien efektua ikertzeko. Jarduera kokapena ez da egokia, etxeak hurbil baitaude: baserri batetik 125 metrora, Basalgotik 440 metrora eta Bergarako hirigunetik kilometrora.

Valogreenek eta EJk karearen ekoizpenerako instalazio bat saldu nahi digute, baina ez da egia. Instalazioan hondakinak lehengai gisa baino ez dira sartuko, 155.000 tona/urtean papergintzako hondakin –162.000 tona/urtean Zubietako erraustegian– erraustuko dute. Ondorioz, urtean hau sortuko du: 8.000 tona hondakin arriskutsu, 90.000 tona ur zikin, 592.000 tona ke eta 10 tona merkurio airera.

Isuriak 365 egunez, 24 orduz, baina kutsatzaile arriskutsuenak –dioxinak, furanoak, metal astunak...– sei ordu urtean bakarrik neurtuko dira. Nola jakin dezakegu ez direla mugak gaindituko?

EJk, hau jakinda ere, defendatzen du proiektua bat datorrela iraunkorreko helburuekin.

Nola fida gaitezke horrelako gezurra defendatzen duen erakunde publiko batekin? Ulertezina da eta jarduera hau gelditu behar dugu: erraustegirik ez, ez hemen, ez inon.

----------

Edurne Arenaza

Larramendiko Arnasa

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak