Irailean

Aldizkari honen iraileko zenbakietako batean grazia egin zidan komentario bat irakurri nuen.

Ez dut izen-abizenik jarriko, ez delako nire xedea inor seinalatzea; gainera, atzean guztiok dugu zuloa eta hori presente edukitzea ez dago sobera, baina halako zerbait zioen: "Abuztuan oso ondo egoten da Arrasaten. Ni irailean joan ohi naiz oporretara, jubilatua naiz eta. Toscanara noa".

Harrapazak, Txiribiton! Turismoaren problematikari buruzko erreportaje batean esan zituen debagoiendar horrek hitzok, eta nik zera pentsatu nuen: "Joder, zuk hori diozu ez duzulako langileen ehuneko izugarri handi batek bezala oporrak abuztuan egiteko derrigortasunik!". Turismoa ez da arazo turismoaren goi-denboraldiari iskin egin diezaioketenentzat. Turismoa ez zaie arazo, prezio normalak, hiri ez horren beteak eta hegaldi merkeak aurkitzen dituztelako. Turismoa ez zaie arazo, baina halakoak dira apurka-apurka turismo sasoia urte osora hedatzen dutenak.

Jubilatua naiz eta. 

Zenbateraino eragiten du adin piramideak gure etorkizunean? Askotan, zaintza, haur falta edota bestelako aldagaiak atera ohi dira gure piramide buruz behera dagoen horri buruz jardun ohi dugunean, baina hona nire kezka: zenbateraino eragiten du epe motzeko politikak soilik bultzatzen dituzten alderdien boto kopuruan herritarren ehuneko gero eta handiagoak jakitea duten adinagatik hamaika arazok ez dietela eragingo?

Biztanleriaren batez besteko adina egunerokotasunean aintzat ez hartu arren, oso garrantzitsua den auzi bat da, nire ustez. Bestea, Jonathan Coek bere Ingalaterraren bihotza nobela bikainean azaltzen duena: ezker hiritartu akademikoaren harrokeria eta langile klasetik etorri eta gaur egun desklasaturik dagoen herritar askok horri dioten herra. Anti-intelektualismoa, hizkera unibertsitarioaren hedapen unibertsala, modernokeriak, nor garen ahaztu izatea. Horren ondorio da landa eremuak Europan duen gero eta eskuinerakorako joera, bere klaseari ihes egin nahian nor den ahaztu duen jende saldoa, ni bezala maiz bost ogerlekoko berbekin ahoa betetzen dugunak.

Soluzioak? Hizkera soildu zabarkerian erori gabe. Bakoitzaren egoerak ulertu, ez epaitu. Nagusitasun morala bridatu. Ez egin uko irakurketari, antzerkiari, musikari. Ez joan oporretara irailean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak