Tiro pitxoia

Orbaizetako xeietan ikusia da.

Tiro pitxoi txiki bat eta alboan, bi metrora, gurdiari tira egin dion autoa. Ramon ijitoa nekez da zutik, eta, halaber, gozo artatzen ditu haur eta mozkorrak. Ez da gutxi errepidea amaitzen den lekura iristea emaztearekin batera jaiak bazter guztietan diren asteburuan.

Ramonek hankan duen minagatik barrakan bertan egiten du lo, lurrean etzanda. Mantak izkina batean daude, mordoilotuta, eta lepoa jokatu nuke atrakzio osoko sari potoloa den peluxezko hartz handiaren sabelean burua bermatuta hartzen duela lo, Morfeo besarkatzerik bada musika zarata, jende joan-etorri eta petardo hots artean. Emazteak autoan kopilotuaren alboko eserlekuan eserita pasatzen du gaua, bakarrik, eskas. Ez nuen haren izenik jakin eta ez nion ezta galdegin ere. Neke eta haserre aurpegia zuen.

Ez dakit zer esperoko duten bi feria gizon-emakumeek uztailaren 23ko hauteskundeetatik. Ziur asko, ezer gutxi. Sara Mesa idazlearen Silencio administrativo obra bikaineko protagonista izan zitezkeen eta jada bizkarra eman dien gizarteak nekez egin ahalko die gaitz handiagorik. Baina hori pentsa ahala jabetzen naiz Ramon eta bere emaztea autoak botata utz ditzakeela bide kontra, hankako oinazea jasanezinagoa egin dakiokeela gizonari, lana guztiz eragozteraino, edota bestelako kalamidaderen bat gertatu. 

"Gauzak ezin dira okertu" diogunean, gezurra esan ohi dugu hamarretik bederatzitan. Ez da egia, dena joan liteke okerrago eta bereziki hori nabaritzen dute gure inguruko pertsona zaurgarrienek. Autobus lerro bat ezabatzea, biktimen arretarako telefono linea baten ordutegia murriztea, ikasketa beka baten merezimendu baldintzak gogortzea, tragediak izan litezke aukerarik ez duenarentzat. Dena okertu liteke, eta horregatik beragatik borrokatu beharra dago lorpen bakoitza. Faxismoa Europan bizi-bizi datorren honetan gay eta lesbianen, hizkuntza gutxituen, adierazpen askatasunaren edota genero berdintasunaren metro koadro bakoitza galtzea tragedia bat da.

Ez dakit nora joango zen Orbaizetan ikusitako tiro pitxoia. Auskalo. Harreman gatazkatsua dut pobreziarekin, batez ere, jabetzen naizenean, harekin topo egiten dudan bakoitzean muturrekoa ematen didala. Eta ez dudala horri aurre egiteko aski erreflexu: kafesne bero bat eskaini, mantak garbitzeko aukera eman. Damu dut baita ere emakumeari bere izena ez galdetu izanaz. Zotzen lilurak gizatasun oro lausotu zidan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak