Volkgeist

Sarean nabigatzen ari nintzela iritsi nintzen Jose Mari Velez de Mendizabalen Hots begi danbolinak blogera.

Eta, ezagutzaren zizka-mizka guztietan mokoa sartzen dugun lertxunontzat, blog hori bezalako ezagutza-kutxak opari bikaina dira.

Hala jakin nuen aurten beteko duela mendea San Isidro jaiak, eta, are ederragoa dena, nola sortu ziren. Baneraman, gainera, bueltak ematen, artean inori galdetu gabe oraindik, elizate ez zen auzoko biztanleek nola kudeatuko zituzten antzina meza kontuak. San Isidro eta, zer esanik ez, Santa Teresa aski berantiarrak baitira eta Musakolak ermitez aparte ez zuen eliza dei zekiokeen ezer eduki. Nire galderaren erantzuna uste dut ondoriozta litekeela Velez de Mendizabalek kontatzen duen pasarte honetatik.

Izan ere, 1923an, Villafrancako kondearen jabetzako etxe baten behe-solairuan –ondo ezagutzen dudan etxea da; besteak beste, amaren jaiotetxea delako– Eskola Bateratua inauguratu zen. Garai hartan hogeita lau baserri zeuden auzoan eta esker onez hartu zuten ekimena. Inaugurazio ekitaldian herriko alkate Domingo Arzamendik eta auzoko alkate Juan Gorosabel Axerikua-k aurresku bana dantzatu zioten Elisa Lasa lehen andereñoari. O tempora o mores.

Ondoren, Musika Bandaren kontzertua, auzoko bertsolarien saioa eta bazkaria egon ziren. Bazkari hartan erabaki zuten baserri guztietako familia-buruek –haurrek eta emakumeek ez zuten eserlekurik– auzoan San Isidroren omenezko jaia egitea, denak baitziren baserritar. Ordura arte Axerikuako zubitik kalerakoek San Juan jaiak ospatzen baitzituzten eta Axerikuako zubitik Bergarara bidekoek, Elorregikoak.

Esan liteke, beraz, eskola hark batu zituela hezkuntza, liturgia eta jairako bitan zatitua zen auzoa eta eman ziola identitate kohesioa eta ahalbidetu zituela ondorengo beste hainbat mugarri. Egun, auzo bizia eta nortasun handikoa da Musakola, baina batek daki zer gertatuko zen eskola hura martxan jarri izan ez balitz.

Beti defendatu dut XX. mendean Arrasaten hezkuntzak ahalbidetu zuela eraldaketa sozial, ekonomiko eta politikoa. Biteri Eskolak, aurrena, eta Eskola Profesionala, gero, herria markatu zuten egitasmoak izan ziren. Maisu Arano, Teresa Gartzia eta Arizmendiarrieta ez dira edonor Arrasateren iragan hurbilean. Beldur naiz, ordea, Hezkuntza Legearen katramila guztiekin hezkuntza bera ez ote zaigun kontrako eztarrira joan. 

Bukatzeko, erromantiko alemaniarrek Volkgeist edo herriaren arima existitzen zela uste zuten. Musakolaren kasua ezagututa, bat nator beraiekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak