Ulertu

Aurreko batean, irakurle batek aipatu zidan ez zituela nire artikuluak ulertzen.

Horrek ez dio gauza onik nire idazteko moduari buruz. Nire defentsan, iluntasun gramatikal eta terminologikoak defentsarik badu, esango dut bizi ditugun garaiekiko autodefentsa izan dela kriptikotasuna. Gauzei bere izenez deitzera animatzen gintuen Habeas Corpus musika taldeak, baina, diot nik, gauzak biluzten baditugu ez dugu aski mantarik edukiko denak tapatzeko. Eta niri neguan mantak gustatzen zaizkit.

Bada pentsatzen duenik hori dela preseski egin beharrekoa, gauzak gordin diren bezala adieraztea. Horretarako, ozen darabilte ahotsa, haienak termino borobilak dira ertzik batere gabeak eta errezetak lerro bakarreko eta unibertsalak. Euskararen normalizazioa? Esango dute dela porrota. Ukraina eta Errusia? Bata ona eta bestea txarra, bakoitzak aukera beza, baina ñabardurarik gabe. Garapen Iraunkorreko Helburuak? Iruzurra. Bertsolaritza? Biolentoa. Ikastolak? Ziur asma dezakezuela. Horrela, ad infinitum.

Josu Goikoetxeak txio batean deskribatu du oso ondo zein den bizi dugun garaiaren atmosfera: Watchmen garaiak dira. Komikia edo seriea, pelikula ez baita, nire ustez, hain ona, irakurri edo ikusi baduzue ulertuko duzue zeri buruz ari garen. Kontuz aritzeko tenorea da, mihiari kosk egitera zaramatzana, arnasa hartu eta bota gabe biriken barruan mantentzeko bulkada.

Behar ditugu garai beldurgarri hau urardotuko duten ekintzak eta jarrerak. Badira aguardienterako orduak eta urez blaituriko ardoarentzako orduak. Horregatik behar ditugu auzoetako jaiak, bertso afariak, erreka garbiketak, zuhaitz landaketak, toki hedabideak, liburu gomendioak eta halakoak. Ñabardurak, zalantzak eta balantzak. Ez muturrak, sudurrak eta ukabilak. Helduko da haserrearen unea heldu behar bada, baina haserreak ere behar du bere maitasun dosia. Eta egun ikusten dudana, nigandik eta hurbiletik hasita, ez da haserrea, kasketa erraldoia baizik.

Wagner behin Rossini bisitatzera joan zen. Bi mundu antagoniko ziren: Wagner konpositore berritzailea zen, letragile eta musikagile totala, harmonia lehenesten zuena melodiaren gainetik; Rossini, kontrakoa, klasikoa italiar operaren formen erabileran, aria ederrak konposatzea lehenesten zuena eta letrak hirugarrenei enkargatzen zizkiena. Ordu erdiko bisita izan zen, eta sarritan aldentzen ei zen anfitrioia egongelatik. Azkenerako, haserretu egin zen Wagner eta desagertze horiek aurpegiratu zizkion musikagile italiar ordurako edadetuari, edukazio txarreko zerbait balira bezala. Rossinik honela erantzun omen zion enkontruaren lekukoaren arabera:

-Barka jauna, baina orkatz-haragia dut labean eta ez badut zaintzen eta saldaz bustitzen, lehortu egingo zait.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak