Bandera ederrak

Pier Paolo Pasolini idazle eta zinemagile italiar ezagunak badu liburu bat, duela ez urte asko gaztelaniara itzulia, Las bellas banderas izenekoa. Bertan ageri dira batuta berak Vie nuove aldizkarian behargin, ikasle edota etxekoandreek astero-astero idatzitako gutunei emandako erantzunak. Ediciones el Salmon argitaletxeak atera zuen eta ez zaizue zaila egingo denda edo liburutegitan eskuratzea. Gomendagarria da oso.

Pasolinik maitasun, zorroztasun, gogortasun, xamurtasun eta errespetu handiz erantzuten zituen irakurleen galderak, hala nola Nire semeari bataioa eman beharko nioke?; James Joyceren 'Ulises' nobela zer iruditzen zaizu?; Nola hil zen zure anaia II. Mundu Gerran? Niri zirrara handia eragin zidan haren lanak, ikusteak nola ez zien izkin egiten galderei eta nola eusten zion elkarrizketarako grinari, gaia zernahi izanik ere.

Egun, Pasolini bizi balitz eta martxan balu aldizkariko bere postontzia, Arrasateko Ignacio Zuloaga kaleko tanatorio berriaren harira sortutako zalapartari buruz galdetu nahiko nioke: Zergatik jokatzen dira margoketen kondenak nor-nori-nork aditzekin?; Nola pasa gara bi belaunalditan etxean hiltzetik heriotza poligono industrialetara eramatera?; Kristautasunaren balioak urtzean beste balio batzuk ere urtu zaizkigu?; Ohitu liteke bat etxepean egunero negarrak entzutera?; Zure ondoko etxeak igerilekua badu –ez nioke egin nahi Arrasateko etxebizitza promozio bati erreferentzia–, beti oporretan bizi diren sentsazio hori ere ez al da ere zentsuragarria?; Bada oraindik norbait zabor poltsarik duenik eskegita balkoitik?; Gaztegunea Musakolaratzean ematen den mezua zein da, badirela tanatorio eta gazte builatsuentzako auzoak eta bestetik jende errespetagarriaren bizilekuak?; 365 egun irekita dagoen farmazia bat etxepean edukitzeak ez al digu mina gogorarazten?; Heriotza gure bizitzatik aldendu nahi badugu, zergatik horrenbeste burezur eta tibia gure kamiseta eta arropa osagarrietan?

Batzuetan, amesten dut zer erantzungo lidakeen Pasolinik. Beste batzuetan, kezkatzen naiz neure buruaz, ea zergatik egiten ditudan galdera hauek. Inori ez baitzaizkio gehiegi axola, bistan denez. Joaquin Beltrani buruz ere ez nuke ezer pentsatu behar, bestela jakin nahiko nukeelako noren zaborrak estaltzen duen haren hilotza, ze poltsiko bete den urte hauetako guztietako narraskerian eta zergatik galdu dudan fedea nire herrian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak