Nekea

Aranondoen loreek ez dakite zergatik Louise Glücken familiari arraro zaizkion loreak hilobietan. Antza, poetarentzat, eder denak ez omen du heriotzaz ezer jakin behar, nahiz eta Rimbaudek bestela pentsatu.

Goroetan errepideaz bereganatu diren pinuaren beldarrei zabor kontainerrak gizateriaren ondare irudituko balitzaie, ez ginateke ohartuko.

Araba zozoa dut begira eta, akaso, esan nahi dit ideia ona dela, baietz, Euskal Herrian Euskaraz-ek berriki kontrakoa esan arren, diglosia onartzea. Ingelesa eta euskara uztartuz gaztelaniari tartea gutxiagotzea, horra Europako herrialde ugarik egin eta guk planteatu beharko genukeena biziraungo badugu.

Areantzako elizako farolera hurbildu den sitsak ez daki Kataluniako hauteskundeen emaitzak nola interpretatu. Ez du bide-orririk independentziarantz eta ezta lehengusu-lehengusinarik Waterloon, han zer komentatzen den jakiteko.

Ostegun gauean Aozaratza sarreran errepide ertzean itxaroten ninduen katuak badaki Kuartel Zaharra zabaltzea garrantzitsua dela Aretxabaletako sortzaileentzat. Badaki arimari jaten ematea garrantzitsua dela, horregatik dituela gustuko kartoizko kaxak, kiribiltzeko magalak eta Bolinagako askako arrain gorriak.

Akaso, zuentzat ez du zentzu askorik hemen idazten ari naizenak. Zer egingo diot, bada. Mundua bihurtu den aulki jokoko lasterraldiak bizkorregiak dira nire hanka nekatuentzako. Komentario anonimoak politika egitearekin nahasteak ahitu egiten nau. Iragana suntsitu nahi duten gazteak aspergarri zaizkit. Garunak ezin dizkit prozesatu jasotzen ditudan mezu, meme, txio burutsu eta komentario dontsuak.

Horrenbestez, aranondoei begira aurkituko nauzue. Beldarrei segika ea Arantzazura iritsiko diren. Araba zozoarekin mintzatzen. Sitsari galdezka. Katuekin jolasean. Nahikoa dugu bizitzearekin pandemia garaiotan. Gure ingurukoak eta gu zaintzearekin. Hartu liburu on bat, elkarrizketak ureztatu, geratu mendian noizean behin atzera begiratzeko.

Beste guztia zarata da. The Waste Land. Hiltzen ari den mundu baten konbultsioak. Nekagarriena dena da Europako tortura zentro handiena duen hiriari Kantauriko Perla deitzearen lotsagabekeria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak