EH Bilduren errepublika euskal errepublika da. Gure banderak ikurrina eta nafar armarria dira. Badu inork zalantzarik hor?
Idatzi zuen Joseba Sarrionandiak ipuin eder bat banderen inguruan. Kontatzen du nola nerabezaroan deskubritu zuten inposatu zieten bandera espainiarra guardia zibilena zela, alkateena, apaizena eta farmazeutikoena. Ezkutuan bazirela bandera beltz anarkistak, banda moredun bandera errepublikanoak, bandera gorriak eta ikurrinak. Eta eurak beltz, gorri, more eta abertzale sentitzen zirela. Horregatik, inork agindu gabe, ondorioztatu zuten bandera espainiarrekin egin zitekeen onena erretzea zela.
Gu ere bagara beltz, more, gorri eta abertzale. Gu gara Joxepa Arregi esaten zigunean bandera errepublikanoaren alde borrokatu zela bere senarra, gu gara Monzon, gu gara Intxortako miliziak metrailetadun emakume belgikar eta guzti, gu gara IRAko milizianoak errepublikaren defentsan, ANVko gudariak, afroamerikarrez osatutako Lincoln brigada internazionalista, Kandido Saseta, meatzaldeko langileak, Felix Likiniano, Kasilda Hernaez, Juan Joxe Etxabe eta Txomin Iturbe eta 1934ko matxinoak. Noski bagarena!
Udalbatzan EAJk leporatu zigun 1936an herriko zinegotzi zirenen aldeko mozioa onartzea. Euren memoria berreskuratu behar dugu eta errepublikaren balio sozial eta demokratikoak gure egiten ditugu boto unibertsalaren kasuan, esaterako. Aldiz, ezin dugu bat egin errepublikak Franco bidali izanarekin asturiar meatzariak erreprimitzera, ezta zuten ikuspegi zentralistarekin edo hainbat alderdi edo pertsonak Euskal Herriarekiko izan zuten jarrerarekin.
Baina ez dugu EAJren lezio abertzalerik onartuko. EAJ baita autonomismoa saldu eta defendatu duena, Aznar babestu zuena eta gure urrezko kaiolaren sostengu sutsuena, independentziaz soilik Alderdi Egunean oroitzen dena. Nire birraitona sozialistak, harrapa ezak, Oskar, Joxe Artzubi-k zioen moduan, "eltxo gizonak" dira jeltzaleak, zarataz harago deus gutxi egin dutenak herri honen askapen errealaren alde.
Independentziarako euskal bidea mahai gainean dugu. Horri obatu behar diogu lehenbailehen, Espainia eta Frantzia gure hondamena direlako. Bitartean elkarlana ezkertiarrekin eta memoria 1936ko kolpe faxistaren biktimekin, horrek jarriko baikaitu gertuago bilatzen dugun helburutik.
----------
Eneko Barberena
(EH Bilduko zinegotzia)
Arrasate