Hiru urte daroagu azokaz hausnartzen, norbanako eta eragile askoren iritzia jasoaz, eta duela bi urte erabaki zen Azoka Plaza egun den kokagunean ezartzea. Lehen sakoneko erabakia, asko pentsatua, ekonomia, herri antolaketa eta plano soziala aintzat izan zituena. Han zen EAJko bozeramailea, ez zuen ezadostasunik. Erabaki horrek bideratu du urteotako lana.
Sorturiko lantalde ezberdinek eraikin horren gainean egin zuten lan, kokagune hori buruan.
Udalak ere, zuen aldeko botoaz, eraikin hori kontuan izan du, eta horren seinale da igogailua edo herribusaren ibilbidea aldatzea.
Udan kokagune berria proposatu zenuten, erabakiak aldatzeko oraindik ez ei zen berandu. Zenbait eremutan, prentsan esaterako, gaiak izan duen isla ez dugu gustuko izan. Utz dezagun Azoka Plaza alderdi lehiatik at.
Talde Eragileak ikusirik zuentzat eskaerak zuen garrantzia, Hirigintza Sailari txosten bat eskatu zitzaion Biteri plazan azoka jartzeko aukera aztertuz. Txostena eskuan, ez dugu bideragarri ikusten azokaren osotasuna berton jartzea. Zuen asmoak ez du jasotzen Azokarako eginiko egitasmoa eta azken urteotan adostutakoa zakarrontziratzen du.
Biteri estrategikoa da aire libreko ekitaldiak antolatzeko. Estaliz gero, zein da geratzen zaigun aukera, Iturripe? Prezio altuegia da hori, herrian eztabaida merezi duena. Azoka Plazak ez du kokaleku txarra, gertu dago Seber Altube, Kulturate edo Biteritik. Eraikinak berak uste dena baino aukera gehiago ditu, eragileok praktikan egiaztatu moduan.
Sinatzaileok uste dugu eraikina ez dela berme, atzetik jarduerarik ez bada. Biterik oso metro karratu gutxi ditu jarduerak egiteko, eta eragozpen teknikoak (zimentazioa, etab.). Honela ezin dugu azoka bultzatu ez beste hamaika kontutarako baliatu. Bideragarriena da egungo kokagunea, zentzudunena eta arrisku gutxien asumitzen dituena.
Eskertzen dizkizuegu orain arte egin dituzuen ekarpenak, ateak zabalik dituzue gurera itzultzeko. Dugun sentsazioa da benetan ez gaituzuela ez gu ez gure lana aintzat hartu.
Espero dugu prentsan gai honekin idatziko dugun azken gutuna izatea, ez dugu xestran aritu nahi urte delikatu honetan.
Halere, prest gaude herritarren aurrean azoka proiektu ezberdinak aurkeztuko badira publikoki eztabaidatu eta iritziak elkartrukatzeko.
----------
Maider Sagredo (Emaus), Elena Zarate (Arrasateko Garagunea), Gorka Martinez (Harreman denda), Nagore Iraola (Bagara), Eneko Barberena (Txatxilipurdi) eta Jesus Mari Elkoro (Ibai-Arte)
Arrasate