Ipar Haizea gurekin bizitzera geratu eta euria lagun, bazirudien neguak ez zuela akaberarik. Frantsesek zioten aurten ez genuela udarik izango.
Azokarekin ere antzeko zerbait gertatu da. Eragile pila bat, hamaika bilera, kale agerraldiak eta oraindik ageriko aldaketa zantzu gutxi. Negu luzea izateak ez du esan nahi eguzkirik ez denik. Noizean behin eguzkiari tira egin behar zaio. Azoka ez dago hemendik urrun, emaitzak berehala ez ikusteak ez du esan nahi aldaketarik ez datorrenik.
Oinarriak finkatu dira, azoka egitasmoa sendotu da, eragileen arteko sareak ehundu dira… eta hau guztia gabe ez da aldaketa eguzkirik izango. Erakutsi dugu azoka biziberritzeko lanean ari garela orpoz orpo Udala, herriko eragileak, ekoizleak, erosleak eta herritarrak.
Orain arte lanean aritu garenok ez gara nekatu. Herritarrok erakutsi duzuen babesa azoka plaza eraikitzen jarraitzeko behar dugun erregaia da guretzat. Horregatik, azokan uztailaren 11n 18:30ean egingo den saio irekira gonbidatu nahi zaituztegu. Bertan, egin dugunaren berri eman eta hurrengo hilabeteetako erronkak partekatuko ditugu.
Gonbidatuta zaudete!
--------------------
Amaia Uribetxebarria (Emaus), Gorka Martinez (Harreman elkartea), Jesus Mari Elkoro (Ibaiarte), Eneko Barberena (Txatxilipurdi)
Arrasate