Obama eta Osama, Osama eta Obama. Normala, terrorismoz hil baitute terrorista. Bere etxean sartu eta arma gabe zegoela bertan akatu. Horrelakoa da Bakearen Nobel Sariduna. Imajinatzen duzue Venezuelako armada, berak etsaitzat duen norbait Estatu Batuetako lurretan akabatzen? Bereak eta bi entzungo zituen Hugo Chavesek, baina Obamak ez. Obama pozik dago, Enemy Killed in Action.
Euskal Herrian biolentzia errefusatzen duten herritarrak legez kanpo uzten diren garaiotan, biolentziaren apologia nabarmena egin du AEBk. Izan ere, biolentziaren pertzepzioa praktikatzen duenaren arabera aldatzen da. Joxe Azurmendi maisuak baditu hainbat lan honi buruz. Nik esango banu Obamak adierazi duena, kartzelan nengoke jada. Guadalajarako kartzela kanpoan Barrionuevori laguntzea legala da, baina euskal preso politikoak goratzea ilegala.
Ez naiz Bin Laden goratzen hasiko. Baina Nurenbergeko naziek ere epaiketak izan zituzten exekutatuak izan aurretik. Inperioek gero eta argiago erakusten dute, eurena, ideologia ordez interesa dela. Interesa da justua eta injustua bereizten dituena, laguna eta etsaia, biolentzia eta autodefentsa. Obama, Bakearen Nobel Sariduna.