Ez da izan borondate txarreko barrea, ez pentsa, lasaitasunezkoa baizik, ez baitzait erraza zinegotzi "parakaidista" izanik, Antzuolako zinegotzi izateak berekin duen lanari behar bezala erantzuten diodan zalantzari aurre egitea.
Ahal dudan neurrian saiatzen naiz, baina batetik urruti bizitzeak, bestetik herriaren ezagutza mugatuak eta, nola ez, kanpotarra izanda herritarrei zor diedan begiruneak berak dezente baldintzatzen naute.
Zerrendan joateari baietz esan nionean borondate onez egin nuen, eta batez ere, konpromiso politikoari men eginez. Antzuolako herri-eragile eta auzolanean dihardutenek herri-konpromisoari lotzen dioten bezala beren lana, nik ere neure lanean horri heltzen diot: askok eta askok (baita antzuolarren artean ere askok) osatzen dugun proiektu politikoari.
Ez noski Aitzol Iturberen proiektuari, geureari baizik: EAJrenari. Zilegitasun osoz, esango nuke, portzierto, Aitzolen baimenaren beharrik gabe.
Zerbaitekin bat etorri banaiz beti hauxe izan da: bakoitzak bere iritzi politikoa izateko duen eskubidearekin. Aitzoli, nola ez, aitortzen diodan eskubidea, eta berari ez ezik, neure buruari ere aitortzea besterik geratzen ez zaidana.
Bestelako noranzkoan ematen al da eskubide horren errespetua? Iturberena irakurrita… ezetz dirudi.
Baina, gutxienez, eskertzen diot Aitzoli goian aipatutako zalantza argitu izana: nire muga guztiekin bada ere, Antzuolako Bildurentzat (edo hobeto esanda, Sorturentzat, iturbetarrak –ama, aita, anaia eta osaba– non dauden jakiteko adina ezagutzen baitut Antzuola) deseroso samarra naiz. Eta erabateko gehiengoa duenarentzat "traba" izatea lortzeak ez pentsa ez duenik bere merezimendu txikia…
Dena den, argi gera bezaio Aitzoli ez dela nire borondatea traba egiteagatik traba egitea. Ez da hori gure asmoa, inondik inora, ez Mikel Leterena, ez nirea eta ez, oro har, EAJrena. Beraz, inork ez dit ez den helburua gauzatzeagatik ezer ordaintzen.
Gure asmoa geure iritzia azaltzea besterik ez da. Eta iritzia azaltze hutsa Aitzolek eta beste batzuek "traba egitearekin" nahasten badute, oso oker dabiltza. Etxekoetatik haratago, Aitzol, bada mundurik Antzuolan.
Nire "jarrera gaiztoengatik" "pikutara bidal nazatela" eskatzen du Iturbek... Akaso beretarrek eskatzen dutela eta asmoan jarraituko dionik izango da, baina konpromiso politikoarenak horrelakoak ere jasatera eramaten gaitu.
Tira, nire jarreraren "gaiztakeria" zertan antzematen ote duen harriduraz jakin nahian geratzen naizela, azken gogoeta bat: Ezker Abertzalearen oposizioa egiteko estiloa ondotxo eta ondo-ondotik ezagutzeko aukera izan dugunoi irribarrea nahi gabe ateratzen zaigu gobernatzen ari den Ezker Abertzalearen izaera milika agerian geratzen denean.
----------
Euge Arrizabalaga Olaizola
(Antzuolako EAJ-PNVko udal taldeko kidea)
Antzuola