Antzuolako udaletxean, bandera española

Erabiltzailearen aurpegia Euge Arrizabalaga 2014ko urt. 13a, 00:00

Ezker Abertzaleak presa dauka Antzuolako udaletxean bandera española zintzilikatzeko.

Urteko azken plenoan horrela agintzen duen sententziaren berri eman ziguten, hilabete lehenago jasotakoa. 

Ez jartzeko asmoa balute, gure babesa eskainiko geniela esan genien.

Baina agindua ezinbestekoa dela erantzun ziguten.

Aginduaren aurrean ahaleginak egiteko eskatu diegu: betebeharra ahal den gehien atzeratzeko, zirrikitu legalak bilatzeko, bide guztiak agortzeko. Baina Ezker Abertzaleak ez du horrelakoetan denbora galdu nahi.

Eusko Alderdi Jeltzaleko zinegotziok badakigu antzuolarren gehiengo zabal batek ez daukala, ordea, Ezker Abertzalearen presarik bandera española udaletxeko balkoian dantzan ikusteko.

Baina Sortuk sententziaren betebeharra eperik laburrenean gauzatu behar dela interpretatzen du. Urtarrilaren 12an, txintxo-txintxo jarriko dutela esan digute.

Ez da ulertzen erraza Sorturen bat-bateko premia. Are gutxiago, Españako lege beraren arabera, sententziaren ohartarazpen ofiziala jaso zenetik bi hilabete… otsailaren amaieran betetzen direnean.

Non geratu dira Ezker Abertzalearen betiko aldarriak? Non, beste batzuek jarri behar izan dutenean (gehienetan Auzitegietako urte luzeetako ibilbidea gehiago luzatu ezin ostean) manifa jendetsuetan botatako irainak? Non, Ezker Abertzaleak, Sortuk, Bilduk, beste batzuei hain erraz eskaintzen dizkieten "desobedientziak" eta "plantoak"?

Antza denez, hutsaren pareko.

Udalbatzan bertan, alkateak erantzun zigunez, Antzuolak ezin omen dio 150.000 euroko isunari aurre egin. Antza, garestiegia da duintasunaren prezioa. Ez dakigu, ordea, nondik atera duten isunarena, Udalak ez baitu horrelako isun mehatxurik jaso; galdetu dugunean, behintzat, hori izan da eman diguten erantzuna, ez dela horrelakorik jaso.

1991-1995 agintaldian, EAJko Roke Inarra alkate zela, Udalbatzak bandera española Madrilera bueltan bidaltzeko erabakia hartu zuen. Orduan, Ezker Abertzaleak bat egin omen zuen erabaki harekin, eta bandera pakete batean Madrileko bidean jarri zen. Orain, berriz, Sortuk EAJko zinegotzion oniritzia lortu nahi izan du arrapaladan bandera española –handia edo txikia, finean, bandera española– Udaletxean jartzeko. Ez diegu eman, Antzuolatik Madrilera doan distantzia baino handiagoa dagoelako erabaki baten eta bestearen artean.

Hala erabaki badute, jar bezate beraiek. Guk ez diegu horregatik "español!" deituko. Baina bai akordaraziko diegula zein ulergaitza eta kontraesankorra, eta, beharbada, koldarra ere, izaten ari den euren jarrera. Zein erraz eskatzen dieten beste batzuei "hitzetatik ekintzetara" pasatzeko, eta zein erraz justifikatzen dioten euren buruari "hitzetatik kontrako ekintzetara" pasatzea.

----------

Euge Arrizabalaga eta Mikel Lete

(Antzuolako EAJren zinegotziak)

Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak