Urtean zehar sortzen ditugun ekimen eta dinamikek urriaren 2an ospatuko dugun jai erraldoiaren pareko garrantzia daukatela badakigu.
Horrela, benetan txalotzekoa da proiektu hau egikaritzeko lan egiten dutenen jarduna. Joan den asteburuan, esaterako, garagardo azoka antolatu genuen. 250 pertsona baino gehiago gogotsu lanean. Harro egoteko modukoa.
Bergarako herriarengandik jasotako erantzuna ere ez da makala izan. Eguenetik domekara arte, aurreikuspen guztiak gaindituz, beteta izan dugu garagardo azoka. Eskerrik asko etorri zareten guztioi, demasak zarete!
Bestalde, Usurbilen lekukoa hartu genuenetik dioguna ere badoa gorputza hartzen. Kilometroak 2016 herriarentzat beharrean herriarekin antolatu nahi genuela genioen. Asmo horrekin jarri genuen martxan herri eragileekin parte-hartze prozesua. Lerro hauek parte hartu duzuen guztiok eskertzeko ere erabiliko ditut.
Joan den domekan Seminarioan egindako ekimena horren fruitu izan da, eta ekainaren 19an, datorren domekan, frontoian izango den kontzertu berezia ere horrela sortu da. Ohiko emanaldiaz gain, Alfredo Gonzalez Chirlaque zuzendariak, bere ekimenez, Kilometroak 2016ri idatzi eta eskainitako pieza aurkeztuko dute 12:30ean Bergarako Udal Bandak eta Orkestra Sinfonikoak. Maddi Iñarra bergararraren hitzak ditu eta Aranzadiko haurren parte-hartzea ere egongo da. Demasa izango da honako hau ere, seguru.
----------
Ekaitz Aranberri
(Kilometroak 2016ko koordinatzailea)
Bergara