Oñatiko EAJ udal taldeak herriko ostalariek sinatutako gutunaren harira

Erabiltzailearen aurpegia EAJ-PNV Oñati 2020ko abe. 12a, 09:41

Azaroaren 27an, Goienako komunitatean herriko hainbat ostalarik idatzi bat argitaratu zuten. Oñatiko EAJ udal taldeak ostalaritzari laguntzeko udalean aurkeztu eta publiko egin zituen proposamen batzuen inguruan esaten zen beraien egoeraren erabilera politikoa egin zuela gure udal taldeak eta, gainera, EAJk publiko egindako oharrean ostalarienganako adierazten zituen elkartasun hitzak ez zituztela sentitzen.

Uka ezina da mingarria izan zela udal taldea osatzen dugunontzat horrelako hitz gogorrak entzutea, gure borondate on guztiarekin ostalariek bizi duten egoera zaila arintzeko gure aletxoa jartzen saiatzeagatik. Gauzak ongi egiten asmatzea ez da beti borondate kontua izaten eta argi zegoen kasu honetan ez genuela asmatu ostalariekiko gure gertutasuna adierazten eta horren ondorioz bi aldeentzako mingarria izan den gaizki ulertu bat sortu zela. Beraz, autokritika egitea eta gaizki ulertua argitzea beharrezko egin zitzaizkigun eta idatzia sinatzen zuten ostalarietako batekin harremanetan jarri ginen gure gertutasuna adierazten ez asmatzeagatik barkamena eskatzeko eta gaizki ulertua argitzen saiatzeko bilera bat antolatzeko.

Ostalariekin egiteko asmoa genuen bilera horretarako hitzordua zehaztu bazen ere, azkenik bertan behera geratu zen. Horiek horrela, bileran aurrez aurre argitu nahi genituenak gutun baten bidez argitzea erabaki genuen eta hala idatzi dugu hemen azpian irakur daitekeen gutuna. Ostalariei dagoeneko gutuna bideratu badiegu ere, publiko egitea erabaki dugu, izan ere, guri zuzendutako idatzia publiko egin zenez, egoki ikusi dugu gurea ere publiko egitea, ostalariak aldez aurretik jakinaren gainean jarrita.

Gure akatsak onartuta eta gaizki ulertua argitzen saiatuta, espero dugu behintzat aurrerantzean bi aldeen arteko harremanak hobetzeko eta indartzeko balioko duela trago mingots honek. EAJ udal taldearen ateak zabalik dituzte ostalariek, gainerako oñatiarrek bezalaxe.Hona hemen ostalariei bidalitako gutuna:

Ostalari herrikide agurgarriok,

Dakizuen bezala, azaroaren 27an Goienako komunitatean argitaratu zenuten gutunak islatzen zuen ezinegona ikusirik eta bertan esaten zenutena argitze aldera, zuekin bilera bat lotzen saiatu gara, baina ez da momentu honetan posible izan. Beraz, idatziz zuzentzen gara zuengana, batetik, bileran adierazi nahi genizkizuenak zuei helarazteko eta, bestetik, gurekin biltzeko momentua dela erabakitzen duzuenerako gure disposizio osoa azaltzeko.

Esan bezala, Goienan argitaratutako idatzian zuen ezinegona adierazten zenuten, udal gobernuari zuen sektoreari laguntzeko proposamenak aurkeztu ondoren, egin genuen komunikazioarengatik. Lehenik eta behin, beraz, barkamena eskatu nahi dizuegu ezinegon hori sortzeagatik. Zuen idatzia irakurrita ikusten dugu ez garela gai izan zuen alboan gaudela azaltzeko. Gure gizartean garrantzia eta presentzia handia duen sektore bat zarete eta EAJko udal ordezkariok, gainerako herritarrek bezalaxe, baditugu ezagunak, lagunak edota senitartekoak sektorean eta horiei gure elkartasuna eta laguntza ematen saiatu gara, baina bistan denez, sektore bezala ez duzue gure elkartasun hori sentitu. Oñatiko kasuan, ostalaritza ez dago elkarte baten bidez antolatuta eta ez da erraza ordezkaritza definiturik gabeko sektore batekin harremanak egitea baina, zailtasunak zailtasun, onartzen dugu harreman falta honetan gure ardura.

Hala ere, ez gara egon beste alde batera begira eta udal ordezkari garen heinean saiatu gara zuen beharrei erantzuten, gainerako sektore kaltetuei bezalaxe. Horretarako egia da ez dizuegula zuzenean zuei galdetu, baina gure hausnarketa egin dugu, han eta hemen egin diren hainbat proposamen aztertu ditugu eta saiatu gara beti udaletik eman daitekeen erantzunik egokiena emateko lan egiten. Lehen olatuan sortu genuen krisi mahaian hainbat neurri adostu genituen eta neurriak proposatu ditugu ordenantza fiskaletarako eta baita datorren urteko aurrekontura begira ere. Alkatearekin azaroaren 17an egin genuen bilerara eraman genituen proposamenak hainbat lekutan hartu diren eta Oñatirako egokiak izan zitezkeela pentsatzen genuen neurriak ziren.

Egia da udalak zuekin antolatutako bileran gure taldeko kide bat izan zela eta egia da baita ere herritar modura joan zela, izan ere, gobernuak ez gintuen udal talde modura gonbidatu. Ahal dugun leku guztietan egoten saiatzen gara eta gonbidapenik jaso ez bagenuen ere, bilera irekia zenez bertan egoteko aukera aprobetxatu genuen, baina udal talde bezala gonbidapenik jaso ezean, ez gara horrela aurkezten. Litekeena da bilera hartan egindako eskaera batzuk gure proposamenekin bat etortzea, beharrak eta proposamenak antzekoak direlako Oñatin eta Euskal Herriko gainerako lekuetan ere, baina argitu nahi dizuegu zuen idatzian aditzera ematen duzuena ez dela zuzena. Ez gara zuen beharrak politikoki erabiltzeko asmoz bilera horretara joan. Ez ditugu zuen eskaerak gureak balira bezala aurkeztu. Gai honetan, gainerakoetan bezala, gure aletxoa jartzen saiatu gara eta beti egin ohi dugun moduan, egin ditugun proposamenen berri ematen saiatu gara. Zilegitasun osoz egin ditugu publiko gure proposamenak, udal gobernuak bere lana publiko egiten duen bezalaxe.

Edozein kasutan, alkatearekin izan genuen bilera hark emandako emaitzekin gustura gaude, gure eskaera batzuk onartu zituelako udal gobernuak eta horri esker uste dugulako dirulaguntza lerroa hobetu ahal izan dugula. Hala ez bada, gure ateak zabalik dituzue eta gustura entzungo dizuegu. Gure eskuetan dagoena egiteko hemen gaude eta gugana jo dezakezue nahi duzuenean.

Amaitzeko, Arkupe tabernari egiten zenioten erreferentziaren inguruan, gainerakoan gure akatsak onartu eta barkamena eskatu dizuegun modu berean esan behar dizuegu aipamen hori ez zaigula bidezkoa iruditu. Egia da bi aldeen artean desadostasun nabarmenak daudela, pandemiaren aurrekoak. Alde bakoitzak izango du bere ikuspuntua eta ziurrenik ez batzuk eta ez besteok ez dugu %100ean arrazoirik izango. Ez zaigu bidezkoa iruditzen, beraz, oro har Oñatiko ostalarien eta EAJ udal taldearen artean sortu den gaizki ulertu honetan zer ikusirik ez duen beste arazo bat nahastea. Alde bakarrari entzunda gainera eta gure iritziz zuzenak ez diren afirmazio batzuekin.

Hein batean eta zuekin biltzeko aukera izan arte gure arteko gaizki ulertua argituta gelditu delakoan eta zuek nahi duzuenean zuekin biltzeko disposizio osoa azalduz, jaso itzazue gure agurra eta gure elkartasun eta animoak, bizi duzuen egoera zailari aurre egiteko.

Adeitasunez,

Oñatiko EAJ udal taldea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak