Oñatiko EAJk bere proiektuaren erdigunean kokatzen du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta gaia lantzen dabil esparru desberdinetan. Emakumeen proposamenak maiz egin izan ditu udal taldeak udal aurrekontuetan, baina emakumeen ahalduntzea eta emakume ahaldunduen ereduak belaunaldi berriei ikusaraztea ere ezinbestekotzat du. Bide horretan, batzokian egindako hausnarketa prozesu batetik eratorritako proposamen batekin datorzkigu, emakume ekintzaileak bistaratzeko eta ahalduntzeko antolatutako mahai ingurua.
Jeltzaleek behin eta berriz errepikatu izan duten bezala, Oñati bizirik mantentzeko ezinbestekoak dira merkatari, ostalari eta profesionalak eta horiek eskaintzen dizkiguten zerbitzuak. Ekintzaile horiek emakumezkoak direnean, orokorrak diren arazoez gain, gizarteak emakumeei ezarritako rollak erantsitako arazoak izaten dituzte, horregatik, emakume ekintzaileengan arreta berezia jartzea beharrezkoa dela uste dute jeltzaleek.
Mahai ingurua martxoak 3an egingo da, arratsaldeko 19:00etan, Oñatiko udal pleno aretoan eta Pili Kaltzada kazetariak gidatuta, bertan ariko dira Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko berdintasun zuzendaria, Nerea Ibañez ASPEGI Gipuzkoako emakume ekintzaileen elkarteko presidentea eta hiru belaunalditako Oñatiko emakume ekintzaileak. Esan bezala, emakume ekintzaileen ikuspuntutik euren arazoak, egoera, eredu eta esperientzia ezberdinak partekatzea eta ikusaraztea eta emakumeak, oro har, eta ekintzaileak bereziki, ahalduntzea da helburua.
Mahai ingurua bereziki emakume profesionalei eta merkatariei begirakoa bada ere, Oñatiko emakumeei oro har dago zuzenduta eta oñatiar guztiei irekita, baita gizonezkoei ere. Mahai inguruan arituko diren emakumeak belaunaldi eta profil desberdinetakoak badira ere, ekitaldia antolatzen ibili den Marijo Etxegoienek azaldu duenez “sinetsita gaude arazo eta istorio asko partekatzen dituztela, oraindik ere emakumeok gizartean jokatzen dugun paperarengatik. Bide batez, aitortu gabeko errealitatean, aitorpena merezi duten emakume ekintzaileak bistaratu nahi ditugu, gure egunerokotasunean ezagutzen ditugunak, emakume ekintzaileak denak (merkatari, profesional..)”.
Mahai inguruan landuko diren gaiei dagokienez, 6 bloketan antolatuko da berau, ahalduntze ekonomikoa; kontziliazioa, erantzunkidetasuna, zaintzak… ; estereotipoak eta emakume profesionalen ikusgarritasuna; maskulinitate berriak: “berdintasuna guztion ardura”; herri-mailan eraginez; eta aldaketa kulturala, soziala?. Bertaratuek galderak egiteko edo beren esperientzia partekatzeko aukera ere izango dute. Mahai ingurua ez da ekintza isolatu bezala planteatzen, jeltzaleen helburua da herri mailan emakumeen arteko sinergiak eta harremanak sortzea, benetako berdintasunerako pausoak elkarrekin emateko eta elkarren babesaz eta esperientziaz aberasteko.
Amaitzeko, mahai ingurura joateko gonbitea luzatu diete jeltzaleek oñatiar guztiei “ziur gaude ikasgai interesgarriak ateratzeko aukera izango dugula, horregatik, oñatiar guztiak gonbidatu nahi ditugu mahai ingurura, bereziki emakumeak, bakoitzak bere esperientziarekin irudi aberatsago bat osatzen lagunduko baitigu”.